Leioa
Bilaketak
Asteartea, 2024ko Martxoaren 19a
Hemen zaude: Hasiera » Ezagutu Leioa » Auzoak

Auzoak

Bere historian zehar, Leioak populatutako bi gune argi izan ditu. Bata, landa giroagokoa, ia udalerri osoa hartzen zuena; eta, bestea, urbanoagoa, itsasadarrarekiko paraleloan zihoan trenbidearekin batera etorri zen industrializazioaren epeletan sortutakoa. 1960 eta 1970eko hamarkadetan, garapen ekonomikoa zela eta, pertsona-fluxu handia etorri zen Leioara bizitzera. Mugimendu demografiko horrek sekulako eragina izan zuen populazio-gune askotan, eta, ondorioz, gune horiek izugarri hazi ziren. Itxura aldetik ere, aldaketa handia izan zuten.

Leioako leku asko, ordura arte gutxi populatutakoak, nabarmen hazi eta eraldatu ziren. Urte haietan eman zen ondoriorik handieneko fenomenoa, ikuspuntu demografikotik: immigrazioak eta horren ondoriozko populazio-gorakadak guztiz eraldatu zuen udalerria, eta, apurka-apurka, gaur egun duen itxura hartuz joan zen.

Prozesu horren guztiaren eraginez, Leioa herri desegituratua, sakabanatua eta kalitatezko hiri-egiturarik gabea izatera heldu zen, eta, gainera, ez zion espazio eta ekipamendu publikorik eskaintzen komunitateari. Demokrazia heltzean, eta, horrekin batera, hiri antolakuntza eta plangintzarako lehenengo tresnak sortu zirenean, Arau Subsidiarioek eta Hiri Antolamendurako Plan Nagusiak (HAPN) nabarmen zuzendu dute egoera hori, herrigune modernoa sortuz eta herrigunea auzoekin lotuz (eta, era berean, auzoak ere elkarren artean lotuz). Modu horretan, aisialdirako guneak, berdeguneak eta punta-puntako hiri-ekipamenduak sortu ziren.

Gaur egun, Leioak uztartu egiten ditu landa giroko guneak eta inguru urbanizatuak, azken horiek nagusi diren arren. Leioa osatzen duten auzoak hauek dira, Nerbioi itsasadarrarekiko alderik garai eta urrunenean: Zuhatzu, Peruri, Sarriena, Santsoena eta Lertutze. Hortik abiatuta, eta herrigunerantz joanez, auzo hauek daude: Telleria, Basaez, Artatzagana eta Aldekoena, bai eta Santi Mamiko landa ingurua ere. Elexalde, Iturribide, Donibane-San Juan, Ikea, Mendibil eta Udondo auzoek osatzen dute herriaren erdialdea. Itsasadarretik gertuen dauden auzoak, berriz, Ibaiondo-Santa Ana, Pinueta, Lamiako-Txopoeta, Txorierri, Ondiz eta Aketxe dira.

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa