Leioa
Bilaketak
Asteartea, 2024ko Abenduaren 10a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2022-12-03 Euskararen Nazioarteko egunaren adierazpen instituzionala Ahobatez onartuta udal ordezkaritza duten talde politiko guztiengatik.
Euskara / Euskara

Autogobernuaren eskutik egin du euskarak milaka urteko bere historian ezagutu duen aurrerabiderik sendoena, euskal herritarron ezinbesteko kontzientzia eta ekimena oinarri hartuta.

Gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean hain zuzen ere, datu soziolinguistiko zehatzetan oinarritzen den baieztapen hori lau haizetara zabaltzeko egokieran baldin bagaude, zintzotasunez aitortu behar dugu euskararen eta euskaldunon historian ohorezko tokia duen ekimen bat dagoela aurrerabide horren iturburuan.

Izan ere, aurten berrogei urte bete ditu Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak, 1982an onartu zenez geroztik Euskararen Legetzat ezagutzen dugunak.

Ugari biltzen ditu urtemuga horrek ospakizunerako arrazoiak, arau nagusi hori baitute berme eta oinarri euskarak alor guztietan egin dituen urratsek. Hartan dituzte sustraiak eta ezinbesteko lege-babesa administrazioaren, irakaskuntzaren, hedabideen, helduen euskalduntzearen, esparru zientifikoaren, lan munduaren eta gizarte erabileraren alorretan, besteak beste, hartu diren neurriek. Hartan du zimentarri gaurko errealitatera ekarri gaituen arautegiaren lege-eraikinak.

Baina Euskararen Legeari zor dioguna agerian jartzerakoan, ezinbestez nabarmendu beharko dugu arau horri benetako indarra eta iraunkortasuna eman dizkion ezaugarria: adostasun zabal sendo baten gainean eraikitako legea da, eta hortik datorkio, besteak beste, eraginkortasuna.

Asko zor dio euskarak adostasunari, eta deus ere adostasun ezari. Adostasuna baitu euskararen etorkizunak giltzarri; hondamendi luke euskarak, ordea, adostasun eza.

Eta adostasunak borondatea du oinarri ezinbesteko. Borondatea, eta eskuzabaltasuna noski, behar baitira buru-bihotzetan abiaburu eta helmuga ezberdinak ditugunon artean diagnosiak eta aurrerabiderako urratsak adostea. Ez da inola ere eginkizun erraza; bai, ordea, euskararentzat ezinbestekoa. Ausardia eta zuhurtzia orekatzea eskatzen du adostasun eraginkorrak, hilda jaiotzen baita neurri bizkorregi zein geldoegi oro. Euskarak bai baitaki aldeko egokierak baliatzen, eta badaki, era berean, behar denean aukera hobearen zain egoten; baina ez du, neurri berean, denbora inoizko larretan galtzerik.

Neurri berean baitu euskarak ezinbestekoa inor ez atzean uztea eta aurrera urrats bizi bezain sendoz egitea.
Euskararen Legeak berak eta haren berrogei urteko garapenak erakutsi digute hori guztia. Eta zinez dira horiek aurrerantzean mamitzen jarraitu behar ditugun ikasgaiak. Euskararen mesedetan. Euskal hiztunon eta euskal herritar guztion onurarako. Euskal gizartearen kohesioaren alde. Euskal Herri izenari izana ematen diolako euskarak.

Norabide ugaritan proiektatu ziren Euskararen Legean adostasunaren ildoak, eta bide horretatik jarraitu behar dugu aurrerantzean ere. Desberdinen arteko adostasunean bilatuko baitugu beti elkarrekin aurrera egiten jarraitzea ahalbidetzen duen konpromisoaren puntu kritikoa, giltzarria. Hortik kanpora, euskarak galbide lukeen liskar soziala baizik ez.

Atzeak erakutsi ohi duenez aurrea nola dantzatu behar den, aukera paregabea dugu esku-eskura adostasunaren baliagarritasun praktikoa egiaztatzeko, Euskaraldia bizitzen ari baikara aurten berriz ere gure inguru osoan.

Izan ere, deigarria da, eta zinez pozgarria, Euskaraldiak biltzen duen adostasun sozial eta politikoaren neurria. Baina pozgarri eta deigarri ez ezik, baliagarri eta bide-erakuslea ere bada adostasun hori, euskararen benetako ardura praktikoa bere gain hartzen duen gizarte eleaniztun bat eraikitzerakoan.

Hori da Euskararen Nazioarteko Egunean aurten aldarrikatu nahi dugunaren mamia: Euskararen Legeak erakusten digunez, hizkuntza ohiturak aldatzea eta euskararen aldeko atxikimendua bilatzen duten ekimenetan frogatu da zein garrantzitsua den adostasunez jokatzea. Euskaraldiak, adibidez, denon begien bistan agerian jartzen duenez, adostasuna du euskarak aurrerabiderako lema, erabileraren aldeko gizartearen eta norbanakoaren konpromiso tinkoarekin batera, ekimen publiko eta pribatuaren arteko lankidetzarekin batera, elkarren onespen zintzoarekin batera.
Euskarak batzen gaituelako, ez inola ere banatzen.

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa