Leioa
Bilaketak
Igandea, 2024ko Maiatzaren 19a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2018-11-15 Leioako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak sare sozialen protagonista izango dira, Leioa Talent Blog ekimenaren eskutik Ostiral honetan, azaroaren 16an, egingo da, udal Influencer Ikastarora joango diren pertsonen partaidetzarekin eta mundu birtual horretako 4 aditu ezagunen aholkularitzarekin
Leioa Talent Blog  / Leioa Talent Blog

Leioa Blog-ekin hiru urtez arrakasta lortu ondoren, udalerria sare sozialetako jardueraren erdigune bilakatuko da berriro ere, tokiko enplegu eta garapenerako Behargintza Leioa zentroak bultzatuta berriztatu den Leioa Talent Blog ekimenari esker. Horrela, Leioako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak protagonista izango dira, berriro ere, Bizkaiko blog-etan, Instagrameko kontuetan eta Youtube kanaletan. Datorren ostirala, azaroaren 16a, da aukeratu den eguna, blogeroek, instagramerrek eta youtuberrek euren sareetan Leioako dendei, tabernei, jatetxeei eta zerbitzuei ahotsa eta presentzia eman diezaien.

Edizio berri honetako partaideak, azken asteetan Behargintza Leioan Influencer gisa prestatzeko trebakuntza jaso duten udalerriko langabetuak dira. Klase teoriko horietan, jardunbide onetan oinarrituta sare sozialetako egitekoari aurre egiteko jarraibideak eta aholkuak jaso dituzte.

“Orain ekintzarako unea heldu da, partaide guztiek praktika errealak egin ditzaten, ekimenaren bitartez Leioako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak sare sozialetan sustatuz, hiriko merkataritza, aisia eta kultura gune handi gisa”, adierazi dute Udaleko iturriek. Horretarako, ostiral honetan, Influencer ikastaroko partaide guztiak taldetan banatuko dira, eta esleituko zaien coach batekin batera, merkataritzako sektore jakin batekin lotuko zaie, moda, osagaiak, edertasuna, apainketa, gastronomia eta baita proiektuarekin lankidetzan aritzeko prest agertu diren beste establezimendu batzuekin ere. Guztira, 30 inguru dira parte hartzeko interesa agertu duten establezimenduak.

Taldeak osatu ondoren, helburua, egun oso batean, ikasleek euren sektoreko establezimendu guztietara joatea da, horiei buruzko aipamenak egiteko eta informazioa jasotzeko, ikastaro amaierako lana egin ahal izateko. Ikastaroa amaitzean partaide guztiek ziurtagiria jasoko dute.

Sare sozialetako profesionalen aholkularitza

Jardunaldian, partaide guztiek, ospe handiko sare sozialetako profesionalen laguntasuna izango dute. Horien artean daude Eli Estrada, 97.000 jarraitzaile baino gehiago dituen Instagrameko “La huella de mis tacones” kontuaren egilea, edo 56.000 jarraitzaile baino gehiago dituen Ivan Killer, DJ, modelo eta diseinatzailea. Bertan egongo da, baita ere, Elena Guerra, “Mi casa en cualquier parte” blog-aren egilea, Publizitatean lizentziatua eta diseinatzaile grafikoa. Coach taldea Gerardo Mazak osatzen du, sukaldari eta “Cocina con nervio” blog-aren egilea, eta "Pinchos y Tapas" 1 eta 2 eta "Pinchos y Tapas con nervio" liburuen egilea. Liburu horien on line deskargak 90.000ra heldu dira.

“Partaideek klase teorikoetan influencer bilakatzeko egin duten esfortzua eskertu gura dugu, eta, ikastaroa amaitu eta gero, Leioako merkataritzari, ostalaritzari eta zerbitzuei buruzko informazioa eta edukiak argitaratzen jarraitzera animatu gura ditugu”, esan dute, amaitzeko, udal iturriek.

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa