2013-12-05
Adineko emakumeei kalean bitxiak lapurtzen ari direla ohartarazten du Udaltzaingoak
Leioako Udaltzaingoak ohartarazi duen moduan, azken egunetan hainbat lapurreta eman izan dira kalean, zehazki pertsona nagusiei bitxiak lapurtzen. Holako kasu baten aurrean, edo susmoa badagoen, Udaltzaingora edota Ertzaintzara deitzea gomendatzen da.
Azken egunotan, salaketa eta abisu ugari izan dira hirugarren adineko pertsonen artetik, kalean ezezagun batek egindako agur beroaren ostean euren bitxien falta sumatu dutenak.
Holako kasuetan, ezezagunaren agurra beroa izaten da, besarkada eta laztanez, eta momentu horiek aprobetxatuz lapurrak bitxiak kentzen dizkio biktimari. Gogoratu behar da inoiz ere ez dutela indarra erabiltzen lapurreta egiteko, trebetasunez aritzen dira biktima lapurretaz ez konturatzeko.
Normalean lapur hauek bakarrik aritzen dira, emakumezkoak dira, adin ertainekoak (24 eta 50 urte bitartekoak), atzerriko azentuarekin, eta euretariko batek urrezko hortza du.
Beraz, adineko emakumezkoei arreta eskatzen zaie, eta holako jarrera susmagarriak ikusiz gero, Leioako Udaltzaingoa edota Ertzaintza jakinaren gainean jartzea eskatzen da.