Leioa
Bilaketak
Asteartea, 2024ko Maiatzaren 07a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2012-10-09 Leioako Udalak dei egiten die herritarrei Unax Cañibanoren aldeko ongintzazko afarian parte hartzera
Unax de Corazón / Unax Bihotzez

Leioako Udalak herritarrei dei egin nahi die, ahal duten neurrian, Unax Cañibano ume leioaztarraren alde izango den ongintzazko afarian parte har dezaten. Afaria urriaren 17an izango da, asteazkena, 20:30etik aurrera, Artatza Jauregian, gure lurraldeko ondare historiko-artistikoaren altxor garrantzitsuenetarikoa.

Afarira joan ahal izateko dohaintza-sarrerak urriaren 1etik daude eskuragai Kultur Leioan, urruaren 15era arte, 9:00 eta 21:00 bitarteko ordutegian. Sarreren prezioa 100 eurokoa da. Udalak aldez aurretik eskertu nahi du Leioako herritarren erantzuna, gaur arte, solidaritate eta eskuzabaltasun lezioa eman baitute.

Sukaldari onenek prestatutako afaria

Artatza Jauregikoa ez da edonolako afaria izango. Hasteko, hamasei pintxo zerbitzatuko dira, zortzi pintxo bero eta zortzi hotz, baita bi postre ere. Gainera, pintxo horiek euskal gastronomiaren lau ikurren eskutik etorriko dira: Martín Berasategui, Eneko Atxa, Fernando Canales eta Aitor Elizegik launa pintxo prestatuko dituzte, bi bero eta bi hotz, bertaratuko direnek dasta ditzaten. Postreak Gozoz Goseko Aitziber Aurrekoetxea gozogile bizkaitar ospetsuak prestatuko ditu.

Pintxoak eta postreak dira izarrak, baina ez da hori bakarrik izango eskaintza oso honetan. Ongintzazko afarira doazenek hainbat sorpresa hartuko dute hasiera-hasieratik. Gau horretan, Artatza Jauregiak oso dekorazio berezia izango du. Bi DJ ere izango dira, bi giro ezberdin sortuko dituztenak: batean lasaitasuna izango da nagusi, agur, elkarrizketa eta iritziak partekatzeko ideala; eta bestea, dinamikoagoa, gauaz modu aktiboagoan gozatu nahi dutenentzat. Barreak eta umorea Sara Escuderoren eskutik etorriko dira, “El Club de la Comedia” saioak antolatutako V. Bakarrizketa Txapelketaren irabazlea. Eta bitartean, barra libre zerbitzua izango da, 20:30 eta 00:00 artean. Ekitaldia amaitu ondoren, gauerdi partean, pertsona bakoitzari Munetaberriren hiru botila txakolin oparituko zaizkio, Unax Cañibanoren aldeko ongintzazko afariaren edizio esklusibokoak. Agur esateko, jankideek txartel bana jasoko dute, Leioako Unico Lounge tabernan edari bat doan hartzeko.

Mugimendu solidarioa

Leioaztar guztiek dakitenez, Unax Cañibano 8 urte eta erdiko umea da, jaiotzetik detektatutako bihotzeko oso gaixotasun larria duena. Unaxi irailaren 10ean egin zioten hil ala biziko ebakuntza Children's Hospital izeneko ospitalean, umeentzako medikuntza-zentrorik ospetsuena. Estatu Batuetako ospitaleko egonaldia luzatuko duen pneumoniaren kontra borrokatu eta gainditu ondoren, eboluzioa geldoa da, baina aldi berean, segurua eta positiboa.

Ebakuntzaren lehen ordainketa egin ahal izateko, 150.000 eta 200.000 euro artekoa (Unaxen egonaldiaren arabera, egunean 3000 euroko kostua baitu aurrekontuan sartutako egonaldia gainditu ondoren, gertatu den bezala), Unaxen aitona-amonek etxea hipotekatu behar izan zuten. Fakturaren bigarren zatia ordaintzeko, Unaxen senitarteko eta lagunek elkartea sortu zuten, Unax Bihotzez, baita fundazioa ere: Bihotzalai. Entitate biek, ongintzazko ekimen desberdinen bitartez, mugimendu solidarioa hezurmamitu dute Leioan, aurrekaririk gabekoa Bizkaian, eta leioaztar eta bizkaitar asko harro sentitzeko moduko mugimendu altruista bilakatu da. Urriaren 17ko ongintzazko afaria azken ekimen solidarioa da. Leioako Udalak Artatzako instalazioak utzi dizkio fundazioari, doan. Horretarako, Udalak instalazio hori erabiltzeko duen egunetariko bat utzi die ekimenaren bultzatzaileei, Eusko Jaurlaritzarena baita higiezina eta itun bat baitago Udalaren erabilerarako egunak zehazteko.

Informazio gehiago:

Unax Bihotzez

Erlazionatutako dokumentuak:

Liburuxka (pdf, 1373 kb)

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa