Leioa
Bilaketak
Asteartea, 2024ko Maiatzaren 07a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2012-10-01 Mendi Film Festival mendiko zinema jaialdia Leioan izango da
mendi / mendi

Abenduan Bilbon V. edizioa egingo duen MENDI FILM FESTIVAL Mendiko Zinema Jaialdia Bizkaiko Leioara iritsi dira. Horrela, gaur eta asteazkenean, hilak 3, MENDI TOUR Kultur Leioa Auditoriumean finkatuko da, iazko lehiaketan parte hartu zuten film onenak aurkezteko asmoz.

Lan hauek (zazpi film ertain eta labur) ezin hobeto islatzen dute Jaialdiaren antolatzaileek hautatutako filmen maila zinematografiko handia, eta film aukeraketa paregabeaz gozatzeko parada eskainiko diote Bizkaiko publikoari, abenduaren 24an abiatuko den edizioa hasi baino lehen. Egun batean zein bestean, hitzordua 20:00etan izango da. Sarrerak erosteko moduan daude jadanik BBK-Kutxabanken webgunean eta 944 310 310 telefonoan (hiru euro emanaldi bakoitzeko). MENDI TOUR, Jaialdiarekin batera antolatzen diren kultur jardueretako bat da. Ekimen honen bidez, herriz herri ezagutarazi nahi da mendizaletasunaren inguruko zinemagintza (hitzaren esanahirik zabalenean, izan ere, eskalada eta alpinismoarekin batera, mendiko eta abenturako kirolak, eskia, ekologia, ingurumena, etnografia eta abar biltzen baititu).

Horretarako, film aukeraketa zorrotza egin ohi da, jaialdian saritutako lanak ere txertatuz. Horren haritik, gaur, publikoak ‘Arditan’ izenburuko 30 minutuko dokumentalaz gozatzeko aukera izango du, aita eta aitonaren ereduari jarraiki ardiak zaintzeaz arduratzen den adineko artzain baten eguneroko bizimoduari begira. Horrekin batera, ‘The hardest of the Alps’ pantailaratuko da, Iker eta Eneko Pou anaiek Alpeetako ibilbide ikusgarrietan zehar autokarabanaz egin zuten bidaia errepasatzeko. ‘Línea continua’ deritzonak, bestalde, Matterhorn aldean esploratzaile eta gidari dabilen Barmasse familiaren lau belaunaldi aurkezten ditu; eta ‘The Moonflower’ delakoan, Jon Bracey eta Matt Helliker mendizaleek beren adiskide Jules Cartright zenari omenaldia egin eta Alaskako Mount Hunter mendiaren ipar hegalean ibilbide berri bat irekitzeko asmoz egin zuten ahalegin aparta ikus daiteke.

Asteazkenean, aldiz, honako film hauek eskainiko dira: ‘Next time Inshallah’, Alex Chicón, Gerfriel Göschl eta Louis Rousseau mendizaleek Gasherbrum I-eko gailurrerako bide berri bat irekitzeko asmotan egin zuten ahalegina bistaratzen duen 32 minutuko dokumentala; ‘The Prophet’, Leo Houlding-ek hamar urte geroago Yosemiteko Kapitaina mendiko ibilbide arras bertikalera egindako itzulerari buruzkoa; eta ‘Fly or die’ izenburua daraman 24 minutuko filma, “solo integral base” deritzon estiloa (sokarik gabeko eskalada, paratxut baten laguntza soilaz, badaezpada) sortu zuen Dean Potter-en 'erokeria' deskribatzen duena.

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa