Leioa
Bilaketak
Larunbata, 2024ko Apirilaren 20a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2023-05-18 Hamar bat euskal konpainiak euren ikuskizunak estreinatuko dituzte Umore Azokan
Cia. Barré / Cia. Barré

Umore Azokaren XXIII. edizioa, Leioako Kale Artisten Azoka, gaur hasiko da, eta igandera arte, hilak 21, luzatuko da. Tarte horretan 43 konpainiaren ikuskizunak izango dira, eta guztira 90 emanaldi eskainiko dituzte.

Emanaldi guztiak aire zabalean izango dira, Leioako auzoetako plaza, kale eta txokoetan, eta doakoak dira. Diziplina anitzekin -dantza, antzerkia, zirkua, performanceak, clowna, ibiltariak, instalazioak eta musika-, ikuskizun gehienak familientzako egokiak dira.

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin Leioako Udalak antolatutako azoka honetatik, ia hogei euskal konpainia igaroko dira. Horietatik erdiak baino gehiagok ekoizpenak estreinatuko dituzte. Hala nola Harrobi Dantza Bertikala, ‘Geure(R)a’ ikuskizuna erakutsiko duena, dantza bertikaleko eta diziplina anitzeko pieza bat, Juantxo Zeberioren musikarekin, Toti Martinez de Lezearen poemekin eta Paco Gramajeren proiekzio animatuekin, hori guztia Janire Etxaberen zuzendaritzapean. Dantza bertikalaz ere elikatzen da La Glo Zirko Dantzaren ‘Ensueño’ ikuskizuna, Gloria Peonek sortutako eta Maitane Ussiak, Pere Vilarubak eta Alejandra Perezek interpretatutako ametsari eta hegaldiarekin duen harremanari buruzko hausnarketa.

Bere aldetik, Lekittoko Deabruak & Zozongo Leioako kaleetatik ibiliko da ‘Mingorri’ ikuskizunarekin. Lan hau Lekeitio inguruan bizi den mihi gorriko eta azal beltzeko pertsonaia mitologiko eta diabolikoari egindako omenaldia da. Beste lan ibiltari bat Piszifaktoria Ideien Laborategiarena da. ‘Asfaltoaren azpian, euria’ izeneko euskarazko antzezlan hau distopia bat da, ibilbide dramatiko bat eta espazio publikoetako bizitzari buruzko hausnarketa kolektibo bat.

Gainera, Barre Taldeak ‘Nao-Now-Nau’ aurkeztuko du, euskal arrantzaleei egindako omenaldia, Javier Garciak, ‘Mimo’k, interpretatzen duen pailazo kutun batek gidatuta. Eta Hortzmuga Teatro taldeak ‘Agurea, urpekaria eta itsasoa’ lana taularatuko du, kontsumismoa, hondakinen sorrera handia eta itsasora egiten duen isurketa masiboa agerian uzten dituen umore handiko esperientzia.

Rojo Telón konpainiak ‘Transir’ taularatuko du, eraldaketari, aldaketari, bizitzari eta heriotzari buruzko joko bat, bertikal eta aireko akrobaziekin.

Eta Trapu Zaharra beteranoek ‘Dale Ramón / Eutsi Ramon!’ Oscar Terolek zuzendutako Santi Ugalderen lana da. Bere markari eutsiz -umorea eta publikoarekin hartu-emana-, enpresa batek maila altuko bunkerrak saltzeko antolatzen duen zuzeneko lehiaketaren istorio eroa kontatzen du.

Halaber, estreinaldiak izango dira Qabalum Nafarroako dantza-konpainiaren La medida que nos ha de dividir’ obra, Lucia Burguete eta Diego Pazók sortua eta interpretatua; eta ‘Sor[tu.E]gina’, Iparraldeko Batcharte Dantza konpainiak XVII. Sorginkeriaren epaiketak oroitzeko sortutako lana.

Gaurko egitaraua
Umore Azokaren lehen egunari hasiera emateko, goizean hainbat jarduera egingo dira profesionalei zuzenduta (300 akreditatu inguru). Jarduera horien artean, Artekaleko (Euskadiko Kale Arteen Elkartea) bazkideen proiektu batzuk aurkeztuko dira Auditoriumean, Sarea plataformako programatzaileen aurrean.

Bazkalostean, eragile eszenikoentzat interesgarria izango den hitzaldi batera joateko denbora egongo da: ‘Igo bizitza, baina kafeak ez. Zenbat kobratu dezakegu ikuskizun batengatik?’

17:30etatik aurrera, ikuskizunak hasiko dira, Des Equilibrats (Balearrak), Capitán Maravilla, Mario Enzo (Gaztela Mantxa), Jean Philippe Kikolas (Gaztela eta Leon), Mariana Collado & Lucio A. Baglivo (Andaluzia), Wetuntum (Portugal), The Black Blues Brothers (Kenia) eta Hortzmuga, Aukeran, Rojo Telón, Barré, Vaivén, Harrobi eta Batcharte euskal konpainiekin, azken hau Pirinioetako Heleta (Behenafarroa) herritik etorria.

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa