Leioa
Bilaketak
Asteazkena, 2024ko Maiatzaren 15a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2013-07-16 Txakur solteentzako aisialdi guneak definitzeko, diseinatzeko eta erabiltzeko herritarren partaidetza prozesua Inkesta erantzuteko epea uztailaren 19an amaitzen da.
perros / txakurrak

Leioako Udaleko Hirigintza Batzordeak sustatuta eta ph+ Urbanismo Ciudadanok diseinatu eta prestatutako partaidetza prozesua jarri da martxan Leioan, txakur solteentzako aisialdi guneak definitzeko, diseinatzeko eta erabiltzeko proposamena taldeka lantzeko helburua duena. Prozesua irekita dago leioaztar guztientzat, espazio publikoa erabiltzen dutenak, txakurra eduki zein ez eduki. Beraz zure partaidetza garrantzitsua da, anima zaitez eta eman zure iritzia!

Partaidetza prozesuak bi fase dauzka: diagnostikoa eta proposamena. Diagnostikoaren fasean taldekako batzarrak egiten ari dira. Horien artean, txakurren jabeen taldeak, auzo elkarteak, merkatariak, kultura elkarteak, udal teknikari eta ordezkariak, eta herritarrak orokorrean. Gainera, denen artean, Artatza, Pinosolo, Elexalde eta Kultur Leioa inguruko parkeak bisitatu dituzte. Bigarren txanda baten, Aldapako parkera, Kandelazubietako plazetara, Udondoko bulebarrera eta Lamiako-Txopoetako dartsenara joango dira. Aldi berean, inkesta bat prestatzen ari dira, on line eta paperean, herritar guztiek erantzun dezaketena, espazio publikoan, zehazki Txakur Solteentzako Aisialdi Guneeetan, txakurrak egoteak dakartzan behar eta aukerei buruzkoa. Inkesta erantzuteko epea uztailaren 19an amaitzen da. Diagnostikoaren fasean sortzen den material guztiarekin, partaidetza prozesua proposamen-tailer batekin amaituko da TSAG horiek taldeka definitu, diseinatu eta erabiltzeko.

Gaur arteko ondorioek diote aukera dagoela Txakur Solteentzako Aisialdi Gune anitzak eta ondo banatuak sortzeko, 24 orduko zonekin eta ordutegi mugatuko (eguna/gaua eta negua/uda) beste zona batzuekin. Horrela, espazio desberdinak egon daitezke udalerrian txakurrak solte ibil daitezen, eta gainerako lekuetan, gaur egun indarrean dagoen ordenantza errespetatzen jarraituko da, hau da, txakurrek loturik ibili beharko dute. Halaber, zonalde pribatuak ere proposatzen dira (ad. txakur zentro bat), zerbitzu osagarria emateko eta ekintzailetza eta toki enplegua sustatzeko. Beste alde batetik, jabeek txakurren hondakinak batzeko behar handiagoa detektatu da Leioako auzo batzuetako puntu zehatzetan. Parke batzuetan, baita ere, argiztapena hobetzeko beharra antzeman da, herritarren segurtasunerako eta txakurren hondakinak batzea errazteko gauez. Paperontzi bereziak, seinaleztatzea eta hiri-altzariak jorratzen ari diren gaiak dira ere bai.

Parte hartzeko
Prozesua zabalik dago leioaztar guztientzat, txakurren jabe direnentzat eta ez direnentzat, baita beste udalerri batzuetatik datozen eta parke edo espazio publikoen erabiltzaile direnentzat ere.

Inkesta paperean bete nahi izanez gero, Leioako toki desberdinetan eskura daiteke eta Udal Bulego Teknikoan entregatu uztailaren 19ra arte, ostirala. Esteka honetan, on line bete daiteke inkesta: www.phpositivo.com/encuesta-para-el-diagnostico-de-la-definicion-diseno-y-utilizacion-de-las-zeps/.

Zenbat eta jende gehiagok parte hartu, orduan eta hobea izango da azken proposamena.

Parte hartze saioetara joateko on-line egutegia begiratu edo ph+-en taldearekin kontaktuan jarri. Konkretuki, proposamen-tailerrean izena emateko, uztailak 23, 16:30etik 20:30era, bidali posta phpositivo@phpositivo.com helbidera izena, auzoa eta txakurrik duzun ala ez adieraziz.

Datuak
Leioak 30.000 biztanle dauzka eta 2.500 txakur erroldatuta. Animalien jabetza eta babeserako ordenantza arautzaileak, 2006koa, espazio publikoan animaliak aske ibiltzea debekatzen du (12.2 art.), txakurren jabeei hondakinak batzeko obligazioa ezartzen die (6.2 art.) eta zigorrak ezarri (28, 29 eta 31-41 art.) arau-haustearen graduaren arabera. Gizalegeari buruzko ordenantzak ere, 2007koa, espazio publikoan hondakinak uztea debekatzen du (14.3 art.). 2012ko abenduan, Toki Agenda 21 eta Partaidetza zinegotziaren eta txakurren jabeen talde baten arteko aurretiazko hilabeteetako lanaren ondoren, udal dekretu batek txakur solteentzako hiru aisialdi gune ezartzen ditu, 24 ordukoak, Artatza, Elexalde eta Mendibilen. Guztira, ia 20.000m2. Horietan, txakurrak aske ibil daitezke eta hondakinak batzeko obligazioa mantendu egiten da (udalerriko gainerako lekuetan bezalaxe). Ondoren, txakurren jabeen taldeak kexatu egin dira zonaldeak ez direlako nahikoak udalerrirako. Beraz, joan den hilean txakur solteentzako aisialdi guneak definitzeko, diseinatzeko eta erabiltzeko herritarren partaidetza prozesua jarri da martxan.

Informazio gehiago:

Inkesta

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa