Leioa
Bilaketak
Larunbata, 2024ko Maiatzaren 18a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2011-03-14 Umore Azokak lau ikuskizunen ekoizpenean hartu du parte Umore Azokak bere hamabigarren edizioan estreinatuko diren lau ikuskizunen ekoizpenean lagunduko du
kukai / kukai

UMORE AZOKA – Leioako Kaleko Artisten Azokaren helburuetako bat sormen artistikoa bultzatzea da barreiapen, berrikuntza eta konpromisorako toki gisa kalea erabiltzen duten adierazpen horietan guztietan. Horrela, zuzenean egindako arteen forma berriak eta arte prozesu berriak balioztatu nahi dira.

Printzipio horrekiko fidel eta hasieratik, UMORE AZOKA konpainia ezberdinekin elkarlanean aritu da, bai Euskadin, bai Estatuan, eta horiek babestu ditu kaleko emankizun berrien arte ekoizpenean.

2011ko edizioan, konpainia horiek izan dira:

Deabru Beltzak (Euskadi) “The Wolves” lanarekin,
Kukai Dantza Konpania (Euskadi) “Karrikan” lanarekin,
Destroy Producciones-Alicia Soto-Hojarasca Danza (Gaztela eta Leon) “La Petite Voiture” lanarekin,
Markeliñe (Euskadi) “Anomalía Magnética” lanarekin.

Lankidetza horiek, halaber, geroz eta sendoagoa den azoka batean beren emankizunak estreinatzeko konpainiek duten interesaren berri ematen dute, eta ez bakarrik konpainia euskaldunek.

DEABRU BELTZAK (Euskadi) · “The Wolves”

Diotenez, orain dela ia 800 urte txirula-jotzaile batek lortu egin zuen Hamelin libratzea arratoi inbasio batetik. Arazoa amaituta, beldurrak ahaztea ekarri zuen eta ahazteak, berriz, gorrotoa. Egun, 800 urte igarota, istorioa ia errepikatu egiten da. Orain piano-jotzaile bat da, gizon arraro eta zoritxarrekoa, hiria otsoen erasotik libratzea lortzen duena bere musikari esker. Gainerakoa berdin-berdin gertatzen da: arazoa amaituta agindutakoa ahazten duen jendea, eta, piano-jotzailea bezala, engainatuta sentitzen den eta mendeku hartzea erabakitzen duen jendea, Otsoekin itzuliz hirira hura kaosean eta nahasmenduan murgilarazteko.

Hamelingo txirula-jotzailearen istorio liluragarria aintzat hartuta, Deabru Beltzak taldeak THE WOLVES aurkezten du. Hamelin, edo munduko beste edozein hiri; piano-jotzaile batek bere zerbitzuak eskaintzen ditu, guztia suntsituz hurbiltzen diren “OTSO” horiek musikaren soinuari esker uxatzeko. Musika emankizun ibiltaria, artikulatutako txotxongilo handi eta sofistikatuak, eta efektu berezi ugari.


KUKAI DANTZA KONPAINIA (Euskadi) · “Karrikan”

Kukai Dantza Konpainiarentzat emankizun hau benetan aberasgarria den proiektu bat da. Damian Muñoz, Virginia Garcia, Iker Gomez eta Pantxika Telleria koreografoekin lan egiteko aukera kitzikagarria izan da, eta emaitza modura oso kolore anitz eta ezberdinez zipriztindutako proposamen bat sortu da.

Koreografiako estilo, erregistro eta hizkuntza berrien sorta KARRIKAN eratzen duten hiru zatietan:
Sarrera gisa, eta antzerki fisikoko bere estilo nahastezinarekin, Iker Gomez koreografoak AUPA MUTIL! pieza sortu du. Bertan, emankizuneko zazpi dantzarik parte hartzen du.

“Nekatuta, ahituta, akituta, etsita, hondatuta, puskatuta, pot eginda, neka-neka eginda, lehertuta, zorabiatuta egon arren, hankak, besoak eta bizkarra txikituta eduki arren eta birikak itota erabat edukita ere topatzen ez dudan hitz bat oihukatzeko... badakit zutik jarraituko dudala amodio propioa dela-eta".

SORBATZA, Damian Muñozek eta Virginia Garciak (La Intrusa Danza) sortutakoa, lau gizonen erritua da, oreka berrezartzen saiatzeko. Gerrako sinbolo bat bakea eraikitzeko; bizitzako sinbolo bat heriotza exortzizatzeko.

FIGHT FOR FANDANGO, “Soka” lanean Pantxika Tellerirekin hasitako lankidetzaren emaitza, oso erregistro eta giro ezberdin batera itzultzen da: hiru interpreterentzat eraikitako pieza bat da, umorearen eta alegoriaren ikuspegitik. Fandangoari, fandangoei, buruz hitz egiten du. Edo, hobeki esanda, herriko dantzariak hausnarketara eraman nahi dituen pieza bat da.


DESTROY Producciones/ALICIA SOTO/HOJARASCA DANZA (Gaztela eta Leon) · “La Petite Voiture”

Propultsio erabat ekologikoko ibilgailu beltz txiki eta bitxi bat, mundu itxi bat, mugikorra, hiri batetik mugitzen dena, mugimendu horiek aurreikusterik gabe. Pandorako kutxa txiki honek gure barruko mundua irudikatzen du. Horrekin, joan-etorriak egiten ditugu eta, zenbaitetan, pentsarazi egiten digu ez duela ezertarako balio beste toki batzuetan bilatzeak, ezta une hobeak bilatzeak ere, gure barruan ezer aldatu ez bada.

Gure bizitzaren testuingurutik, mugitzen garen eta formateatu eta kartzelaratu egiten gaituen gizarte, ekonomia eta politika mundutik alde egiteko egiten dugun borrokaren metafora bat da. Guztia dirura eta gauzen preziora, gutxi gorabehera, mugatzen den mundu honetatik.

Guztiok nahi dugu dirua, eta esaerak ere zera dio: “Diruarekin zoriontasuna ezik guztia erosten duzu”, baina egun hori ere eros daiteke. Zoriona munduko supermerkatu handian eros ditzakezun gauzez betetako saski handi bat da.

Sisiforen mito kezkagarri bat, oso irudi garaikideko estetika eta irudiekin eta ekintza-koreografia batekin, dibertigarria, irribarrea erakustera eta bizi garen munduari buruz pentsatzera gonbidatzen gaituena.

MARKELIÑE (Euskadi) · “Anomalía Magnética”

Anomalía Magnética aire zabalerako Markeliñek duen proiektu berria da. Gaueko proposamena, ia testurik gabekoa, ikusmenerako egina batez ere. Olerki dosi handia du, eta gizarte salaketaren eta gizakiak boterearen aurrean egiten duen aldarrikapenaren artean kokatzen den mezua.

Formatu ertaineko emankizuna da; une bakoitzean ikuslearen konplizitatea bilatuko da, ahalik eta ikuspegi gehienetatik. Emankizuna ekoizpen prozesuan dago bete-betean, eta ez da Umore Azoka 2011n erakutsiko.

Eta hori da, hain zuzen ere, lankidetza honen berezitasuna. Lankidetza honek elkarrekiko apustu eta konpromisoa erakusten du: Markeliñerena Umore Azokarekin, Euskadin eta hemendik kanpo arte eszenikoen merkatu eta plataforma den heinean, eta Umore Azokarena ibilbide luze eta emankorreko eta kaleko arteen alorrean erreferentzia den konpainia horrekin. Markeliñek berrikuntzarako eta konpromisorako eremu eta diziplina gisa erabiltzen du kalea.

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa