Leioa
Bilaketak
Asteartea, 2024ko Apirilaren 16a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2024-02-26 Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak 22,8 milioi euro bideratu ditu Jose Miguel Barandiaran institutuaren eraikin berria egiteko, Leioan Institutu berriak eraikin bakarrean batuko ditu egun ikasketak bitan egiten ari diren ikasleak. DBH-ko 5 lerro eta Batxilergoko beste 5 izango ditu. Institutuko pista estaliaren estalkia Altzaga ikastetxeko publikoaren aisialdirako gune eta kirol-gune ere izango da aldi berean, goragoko kota batean baitago beste ikastetxe hori.
/

Hezkuntza Sailak 22.804.795,58 euroko diru-partida onartu berri du (BEZ barne) Leioan Jose Miguel Barandiaran Bigarren Hezkuntzako Institutuaren eraikin berria egiteko. Diru-kopuru hau Gobernu Kontseiluaren azken bilkuran onartu zen, joan zen otsailaren 22an.

Barandiaran BHIren eraikin berria Sakoneta auzoan dagoen 13.783 metro karratuko lursail batean eraikiko da, institutuaren egungo bi eraikinetako batetik hurre (Barandiaran Behekoa eraikinetik), Altzaga ikastetxe publikoaren eta Leioako osasun-zentroaren artean. Horrela, eraikin bakar eta berri batean bilduko dira, herriaren erdigunean, gaur egun ikasketak bi eraikinetan banatuta egiten ari diren ikasleak, (horietako eraikin bat herrigunetik urrun dago, Santsoenea auzoan).

DBH eta Batxilergoa
9.743 metro koadroko azalera eraikia izango duen eraikinak DBHko 5 lerro eta Batxilergoko beste 5 hartuko ditu. Bolumen trinkoa duen eraikina diseinatu da, soiltasun, ekonomia eta eraginkortasun energetikoaren printzipioei jarraiki. Horretarako, material iraunkorrak bilatu dira, mantentze-lan gutxi eskatzen dutenak. Eraikin luzanga eta lineala izango da, Aldapabarrena kalearen trazadurari jarraitzen diona. Kale horretatik izango du sarrera nagusia. Eraikinaren lerro zuzen hori hautsi egingo da apur bat erdi aldean, aipatutako kaleak pare horretan egiten duen bihurgunera egokitzeko.

Eraikin berriak hiru solairutan banatuko ditu espazio guztiak: beheko solairuan eta goiko bi solairutan. Gainera, orube horren maldak aukera eskaintzen du eraikinari sestra azpiko edo erdisotoko solairu zabal bat emateko. Beheko solairuan, besteak beste, administrazio-gunea, zuzendaritza-bulegoak, bilerak egiteko eta erabilera anitzeko gelak, irakasleen gela, liburutegia eta jantokia egongo dira. Goiko bi solairuetan, DBHko eta Batxilergoko gela arruntak kokatuko dira, baita beste gela espezifiko batzuk ere, hala nola laborategiak, musika, marrazketa, informatika edo teknologia gelak. Sestra azpiko solairua aparkalekuetarako, biltegi orokorrerako, aldageletarako edo galdara-gelarako erabiliko da, besteak beste.

A ziurtagiri energetikoa
Eraikuntza-ezaugarriek, erabilitako materialek edo aukeratutako berokuntza eta ur beroko sistemek A energia-ziurtagiria emango diote eraikinari. Isolamendu-geruza bikoitzeko fatxadarekin, argon gas-ganberadun beirak erabilita edo zubi termikoen tratamenduari arreta zorrotza eskainita, besteak beste, energiaren arrazoizko erabilera lortuko du ikastetxe honek.
Institutuko ur bero sanitarioa ekoizteko behar izango den energiaren %60 energia berriztagarriaren bidez sortuko da. Horretarako, ur beroa sortuko da teilatuan instalatuko diren bi bero-ponpa aerotermikoren bidez. Berokuntza-zirkuiturako ura sortzeaz ere arduratuko dira ponpa horiek. Gainera, instalazio horren kontsumo elektrikoa eguzki-plakek sortutako energian oinarrituko da.

Gimnasioa eta kirol-pistak
Eraikinaren hegoaldeko ertzean, beheko solairuan, gimnasioa eta aldagelak jarriko dira. Orubearen barrualdean kirol-pista estali bat eta kanpoko beste kirol-pista bat kokatuko dira, berdegune zabalez eta jolaserako espazio libreez gain. Kirolerako eta jolasetarako kanpoko espazio hori ondo orientatua eta ipar-mendebaldeko haizeetatik babestuta geldituko da, tokiaren topografiari inguruko eraikinei esker.

Institutu berria eraikiko den guneak duen desnibel handiari esker, aipatutako kirol-pistaren estalkia, aldi berean, aisialdirako gune eta kirol-gune izango da Altzaga ikastetxe publikoarentzat, goragoko kota batean baitago kokatua beste ikastetxe hori. Horrela, lan hauen bidez, halaber, Altzaga ikastetxe publikoaren kanpoko espazioak 2.360 metro karratu handitzea lortuko da.

Leioako Barandiaran BHIren eraikin berriak izango dituen instalazioen artean, honako hauek dira nabarmentzekoak:


- DBHko 20 gela
- Batxilergoko 10 gela
- Bikoizketarako 7 gela
- Musika gela
- Plastika gela
- Marrazketa gela
- Informatika gela
- Teknologia gela
- Fisika laborategia
- Kimika laborategia
- Biologia laborategia
- Jantokia eta officea, 338 m²
- Liburutegia, 127 m²
- Erabilera anitzeko gela, 127 m²
- Gimnasioa, 406 m²
- Kirol pista estalia, 1.028 m²
- Kanpoko kirol pista, 2.036 m²
- Aterpeak, 363 m²


Eraikitako azalera, orotara: 9.743 m²

Lanak egiteko epea 22 hilabetekoa izango da. Lan hauetarako gastua Gobernu Kontseiluan onartu ondoren, Hezkuntza Sailak abian jarriko du Leioako Barandiaran Bigarren Hezkuntzako Institutuaren eraikin berria jasotzeko proiektua esleitzeko prozesua.

Infografiak: Atxurra-Zelaieta arkitektoak

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa