Leioa
Bilaketak
Asteartea, 2024ko Urriaren 08a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2023-12-01 2023ko Euskeraren Nazioarteko Egunerako adierazpena
/

Euskal hiztunon ahotsa, euskararen zabalbide

Euskal hiztuna, euskararen zabalkunde digitalaren eragile Nagusia

Gure alde, euskararen alde alegia, inork egin dezakeenaz galdetu ohi dugu sarri euskal hiztunok, bereziki Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko gogoetan. Ezin uka, jakina, egin beharreko galdera eta gogoeta dela, baina ez litzateke inola ere zilegi, are gutxiago baliagarria, ikuspegi horretara mugatzea euskararen aldeko jarduera.

Garrantzi betekoak izaten jarraitzen dute, ezinbestekoak, euskararen erabileraren aldeko
ekimen kolektibo presentzialek, jendetsuek, kale girokoek; ezinbestekoak diren bezala euskara ardatz duen elebitasun orekatua gauzatzen jarraitzeko lankidetza pribatu-publiko harmonikotik datozen ekimen eraginkorrak oro.

Baina digitalizazio aurreratuaren garai honetan, adimen artifiziala makulu ezezik kultur, komunikazio eta gizarte garapenaren bektore nagusi bilakatzen ari zaigunean, erronka berri bat iritsi da gure komunitatera.

Algoritmoak ausazkotasunarekin lotzen ditugu sarritan eta adimen artifiziala gure kontrol eremutik at dagoen esparru batekin. Baina teknologia aurreratu guzti honen muinean, gizakiak etengabe elikatutako tripak daude. Makinen autonomia gero eta handiagoa izanik ere, autonomia hori era batera edo bestera elikatu eta bideratu daiteke. Bada, elikatze horretan dugu euskaldunok etorkizun hurbilerako erronka, bai erakundeen aldetik baita norbanakoen aldetik ere.

Sortuko diren tresna, aplikazio, gailu… berriek gure hiztun komunitatearen eta gure euskararen muina behar dute erraietan. Horretarako, ahotsa, hizkera, hizkuntza ezagutza, aldaera, estiloa, berezitasuna, esakera edo idazkera etorkizuneko tresnen elikagai bilakatu behar ditugu.

Euskararen zabalkunderako aro digital berria hasi da, inplikazio pertsonalaren bidez eta komunitate gisa jarduteko unea iritsi da. Har dezagun geure esku bereziki adimen artifizialaren bidetik datozkigun lanabesak euskaraz funtzionatzeko bidean tinko jartzeko ardura, erakutsi diezaiogun euskaraz lan egiten geure eguneroko jardueran ezinbesteko lankide dugun tresneria digitalari.

Oparo bueltatuko digu-eta gure oraingo ahaleginaren mozkina, modu ezin praktikoagoan bueltatu ere: euskarazko datu-base sendo bat sortuta, euskarak zuzeneko sarbidea izango du sare teknologiko nagusien zirkuituetan, eta, horren eskutik, eguneroko eta helburu ugaritako aplikazioetan.

Ez da amets bat, hil edo biziko eginkizuna baizik euskararen garabideari begira eta, batez ere, digitalizazioaren unibertso ekidinezinean gure hizkuntzak atzerapausorik gabe aurrera egin ahal izan dezan.

Beste hainbat urrats egin ditu euskarak digitalizazioaren eremuan oraingo honen aurretik ere, esate baterako, itzultzaile neuronalaren, itzulpen automatikoaren, ahots sintesiaren eta transkripzioaren alorrean eman diren urratsak.

Hortxe beraz, bidea: erabil ditzagun gure alde, euskararen zabalkundearen alde, teknologia kolaboratiboak, izugarria izango dugu ahaleginaren ordaina, guztiz aldekoa eta, batez ere, atzeraezina.

Euskal hiztunon komunitateak zor dio bere buruari ahalduntzerako bide honetan urrats erabakigarriak egitea, digitalizazioak sortutako beharrak asetzea, kasu.

Eta ireki diezaiogun ahalegin honen atea, baita ere, euskarara hurbiltzen ari diren herritar guztiei, euskal herritarron komunitate eleaniztunak elkartasunez, harrotasunez eta kontzientzia betean bizi dezan euskararen aurrerabide digitala.

Azkenik, Leioako Udaletik euskararen ikaskuntza eta erabilera erraztu eta unibertsalizatzeko oztopoak ezabatzen eta gainditzen jarraitu nahi dugu, bai eta ezagutzatik eguneroko erabilerara pasatzeko aurrerapausoak ematen jarraitu ere, berdintasunean.

Eman diezaiogun ahotsa euskarari, mundua euskaraz izendatzen jarraitu ahal izan dezagun.
Euskarari zor diogu. Geure buruari zor diogu.

• Onetsia, honako hauen laguntzarekin: EAJ-PNV // PSE-EE (PSOE) // PP // ELKARREKIN PODEMOS - EZKER ANITZA/IU - BERDEAK EQUO - ALIANZA VERDE

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa