2009-11-17
Bere bikotekideari eraso eta mehatxu egin du taberna batean
Ertzaintzak ustezko erasotzailea atxilotu zuen genero-indarkeria delitu bat leporatuta. Gaur (asteartea) aurkeztu beharko du susmagarriak agintaritza judizialaren aurrean.
Erandioko ertzain-etxeko agenteek atzo (astelehena) 27 urteko gizonezko bat atzeman zuten ustezko genero-indarkeria delitu bat leporatuta. Taberna batean eta hainbat lekukoren aurrean, bere bikotekidea mehatxatu omen zuen eta mahai batean eserita zeudela kolpeka hasi zitzaion; aurpegira janaria bota eta iraindu ere egin omen zuen gainera.
Atzo (astelehena) arratsaldeko azken orduetan jazo zen guztia Leioako taberna batean. Gizonezko bat emakumezko bati eraso egingo ziola esanez mehatxuka hasi bezain laster deitu zion lekuko batek Ertzaintzari.
Bertaratu zirenean, erasoaldi bat gertatu zela egiaztatu zuten; bikotea oraindik ere mahaietako batean eserita zegoen. Ertzainek jakin zutenez, emakumezkoak gizonezkoarekin zuen harremana bertan behera utzi nahi izan zuen baina honek tabernan hitzordua izateko derrigortu zuen telefonoz eta han zeudela, gizonezkoa irainka eta mehatxuka hasi zitzaion; ukabilkada bat eta hainbat ostikada ere eman zizkion. Gainera, janari zatiak jaurti zizkion aurpegira, lurrean zehar botata zeuden oraindik ere arrastoak.
Patruila batek eraman zuen biktima anbulategi batera bertan artatu zezaten. Era berean, Ertzaintzak ustezko erasotzailea atxilotu zuen genero-indarkeria delitu bat leporatuta. Gaur (asteartea) aurkeztu beharko du susmagarriak agintaritza judizialaren aurrean.
Emakumezkoen aurkako biolentziaren aurrean tolerantziarik ez
Genero-indarkeriaren biktima diren emakumezkoei laguntzeko telefono zerbitzua: 900 840 111 - 016
Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza