Leioa
Bilaketak
Asteazkena, 2024ko Azaroaren 13a
Hemen zaude: Hasiera » Ezagutu Leioa » Historia

2/3Historia

Leioa XVI-XIX. mendeetan

XVI. mendetik XIX. mendera arte Leioako auzotarrak gero eta biztanleria ugariagorentzat baliabide gehiago eskuratzen saiatu ziren. Egia da Ameriketatik etorritako nekazaritza-produktu berriei, teknika berriek eta luberritzeei esker baserriko jardueraren ekoizkortasuna hobetu egin zela, baina beste arlo batzuetan ere osagarriak bilatu behar izan zituzten: arrantzan, itsas garraioan, gabarra bidezko eta zirga bidezko garraioan, Gobela ibaiko errotetan, burdinoletan, egur-ikazkintzan edo eraikuntzan, ondoko Bilboko hiribilduaren merkataritza-oparoaldiaren eraginpean.

Gizarte-arloari dagokionez, ordea, auzotar guztiek parte hartzen zuten lehengo kontzeju irekiaren ordez jauntxo gutxi batzuen gobernua zegoen (Erdi Aroko leinuen ondorengoek, elizgizonek, merkatariek, eskribauek eta nekazari aberatsek osatutakoa). Haiek pobreenek bizibidea ateratzeko ziren herri-ondasunak eskuratu egin zituzten, eta, ondorioz gizartean tirabirak izan ziren.

Gatazka hark goren maila Karlistadetan izan zuen. Lehen Karlistadan leioarrak tradizionalisten taldean ibili ziren eta Bilbo setiatzen gogoz parte hartu zuten. Bigarren Karlistadan Gaztelueta eta Ondiz gotortu zituzten.

Industrializazioaren eragina

Leioako udala XIX. mendeko azken laurdenean dirurik gabe zegoen. Elizateko biztanleen ekonomia ere porrot eginda zegoen, azken karlistadaren ondorioz. Baina egonkortasun politikoak aurrerapen-bolada berria ekarri zuen eta eskualdeko paisaia sakon aldatuko zen.

Ekimen pribatua Lamiakoko ibarra lehortzen, padurak betetzen eta Gobela zein Udondo ibaiak bideratzen saiatu zen. Horrela espazio berriak lortu zituzten etxebizitzak eta industriak eraikitzeko, aisialdirako eta nekazaritzarako. Lurra lantzea izan zen orduan ere ekonomiako jarduera nagusia. Arlo horretan ere aurrerapenak izan ziren, ongarriak eta hautatutako espezieak erabilita, feriak eta erakusketak antolatuta, eta nekazariak trebatuta.

Baina benetako berrikuntza Lamiakon industria ezartzea izan zen. Leku ezin hobea zen garraio eta komunikabide aldetik, eta han finkatu ziren honako industria hauek: "La Vidriera", "La Camera Española", "Compañía de Alcoholes" eta "La Delta Española" (gero "Earle" deitutakoa). Inguruko probintzietako eta beste lurraldeetako eskulana erakarri zuten industria haiek. Biztanleriaren hazkundeak eta garai hartako langileen egoera tamalgarriak gizarte- eta sorospen-arazoak sortu zituzten. Egoera nolabait arindu egin zuten sorospen-erakundeek eta elkarte politiko zein sindikalek.

Nolakoa zen Leioa?

Industrializazioa iritsi zenean, sakabanatutako baserriek eratzen zuten ohiko paisaia beste batek ordezkatu zuen. Ordura arte hutsik zeuden lekuetan eraikitako fabrika berrien inguruan bildurik langile-etxebizitzak ugaldu ziren.

Biztanle-kopuruak gora egin zuelako, ekipamenduak hobetu egin behar izan ziren: izurriak jotakoentzat ospitalea, hiltegia, udaletxea eta Lamiakoko eskolak eraiki ziren, hilerria zabaldu egin zen eta San Maximoren kapera eraiki zen. Lan haiek guztiak 1889 eta 1907. urte bitartean egin ziren.

Azpiegiturak ere, ordura arte inoiz ez bezala aldatu ziren: kanalizazioak, kaiak, mendi-bideak, kaleak... egin ziren; Leioak ez zituen orduko aurrerapen modernoak alde batera utzi: telegrafoa, telefonoa argindarra, iturriak, posta-zerbitzua, trenbidea eta automobila (automobil bat edo beste Abantzadako errepidean ikus zitekeen).

Urte haietan Elizateko arau zaharrak, usadioak eta ohiturak iraunarazitakoak, idatzi egin zituzten Ondo Gobernatzeko Bandoetan. Haiek arautu zituzten kale-garbiketak, merkataritzako ordutegiak edo leku publikoetako portaera egokiak.

Aurrekoa Hurrengoa
Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa