2014-01-17
Gaur amaitzen da epea Larrakoetxeko BOEtan izena emateko
Larrakoetxeko Babes Ofizialeko Etxebizitzen promozio berrian izena emateko epea gaur amaitzen da. Larrakoetxe gunean eraikiko dira 118 etxebizitza hauek eta kooperatiban salduko dira. Honekin batera zonaldeko urbanizazioa etorriko da, Artatzagane eta Sarriena auzoak lotuz.
Etxebizitzen zozketan izena emateko, Etxebiden inskribatuta egon arren, interesatuek dokumentazioa aurkeztu beharko dute Gescovi-ko bulegoan (Sabino Arana, 12. Tlf: 944.803.148) gaur, ostirala, 08.00etatik 14.00etara.
Etxebizitza hauek lehenik eta behin leioaztarrentzat izango dira, hau da, azken sei urteotan gutxienez hiru urtez Leioan erroldatuta egon diren herritarrei. Aurreko kolektiboari etxebizitza guztiak esleitzen ez bazaizkio, gainerakoak Leioan lan egitearen irizpidepean eskainiko dira (hiru urtez azken sei urteotan). Eta azkenik, aurreko bi kolektiboei etxebizitza guztiak esleitzen ez bazaizkie, gainerakoak edozeini eskainiko zaizkio, Leioako errolda baldintzak edo Leioarekin lan-lotura baldintzak bete ez arren. Hala ere, aurreko bi kolektiboek bezala, Eusko Jaurlaritzak Etxebizitza Babestua erosteko bere araudian ezartzen dituen baldintzak bete beharrekoak dira, edozein kasutan.
Promozioari, inskripziorako baldintzei eta aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzko informazio guztia web gune honetan www.gescovi.es kontsulta daiteke, edota 944.803.148 telefonoan.
Etxebizitzak notario aurreko zozketa publiko bitartez esleituko dira. Zozketaren data aurretiaz jakinaraziko da udal komunikabideetatik eta inskribatuei idatziz egingo zaie deialdia.