Leioa
Bilaketak
Astelehena, 2023ko Urtarrilaren 30a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2008-11-14 Leioako BluesJazz zirkuituak datorren ostiraleko kontzertua aldatu du Datorren asteko ostiralerako Julián Kanevsky Trioren kontzertua zegoen iragarrita baina bere ordez Tonky Blus Band izango da Leioan
Tonky / Tonky

Kultur Leioan izango den BluesJazz zirkuitoan datorren ostiralerako Julián Kavensky Trío taldearen kontzertua zegoen iragarrita baina, antolatzaileen esku ez ziren arazoengatik kontzertua aldatu egin da, eta bere ordez Tonky Blues Band taldea izango da Leioan.

Beraz, hitzordua mantentzen da baina protagonista berri batekin, datorren ostiralean, hilaren 21, gaueko 22.00etan Kultur Leioako ‘Cafe Ambigú’n Tonky Blues Banden kontzertua izango da entzungai.

Tonky de la Peñak Madrilen fundatu zuen bere taldea, 80. urteetan, eta gauero-gauero bere lekua egitea lortu zuen blues klubetan. Era berean, nazioarteko bluesmen handiei lagundu zien, esate baterako, Carey Bell, Louisiana Red eta Charlie Musshellwhiteri, eta artista horiekin hainbat kontzertu eta jaialditan jo zuen; Albert Collins & the Icebraekers taldeak behin baino gehiagotan gonbidatu zuen oholtzara igotzera. 1990. urtean Tonky Jerry Lee Lewisen taldeko kidea izan zen Espainian eskainitako biran, eta 1992an beste horrenbeste egin zuen Mick Taylorrekin, John Mayall & the Blues Breakers taldeko gitarra jotzaile handiarekin eta gerora, 1969 eta 1974 urte bitartean Rolling Stones taldeko kidea izango zenarekin. Tonkyk New Yorken ezagutu zuen Mick Taylor, 1988an, The Lone Star izeneko Manhatango klub batean, bertan eta Long John Baldryren zuzendaritzapean eskaintzen ari ziren Jam session batean. Mick Taylorrek eta Tonky Blues Band taldeak bira luzea egin zuten 1992an, eta Mickek gonbidatu gisa parte hartu zuen Rolling Stong diskoan.

90. urteetan Tonky Parisen eta Madrilen bizi izan zen, txandaka, eta 90. urteen erdialdera Frantziako nazioarteko jaialdi handietan parte hartu zuen, esate baterako, Lisieux eta Saint Chamoudeko jaialdietan. Parisko Front Page klub ezagunean bertako musikari bihurtu zen, emanaldi asko eskaini zituen, tartean Jam session direlako asko, eta besteak beste Luther Allisonekin eta bere seme Bernard Allisonekin partekatu zuen oholtza behin baino gehiagotan. 2001 eta 2005 urte bitartean Buddy Milesen talde pertsonala izan zen Tonky Blues Band; 1969-1970 urteetan Buddy Miles abeslari eta bateria jotzaile handia Jimmy Hendrixen taldekidea izan zen Band of Gypsies taldean, eta gero, 80 urteetan Carlos Santanaren taldeko abeslaria izan zen. Buddy Milesek oso bide garrantzitsua egin du Amerikako musikagintzan, eta nola grabazioetan hala zuzenekoetan Mike Bloomfield, Muddy Waters, John McLaughlin eta gisako beste artista handiak izan ditu lagun. Buddyren eta Tonky Blues Band taldearen arteko elkarlanetik grabazio asko sortu dira, horien artean “The Blues Side of Buddy Miles” diskoa. Hainbat urtetan Tonkyk jatorria Texasen duen Paul Orta abeslari eta aho-soinujole handiarekin jardun du, eta Europan ibili ostean AEBetara joan zen 2006. urtean Austingo (Texas) blues zirkuituan barrena jotzera. Hiri hartan “6th Street” kale ezaguneko hainbat klubetan jo zuen, esate baterako, Friends eta Nunos klubetan, baita Houstongo Big Easy klubean ere. Bertan ezagutu zuen Uncle John Turner bateria jotzaile handia, 60. urteetan Johnny Winterren taldeko kide izandakoa. Uncle John Turnerrek Paul Ortarekin egin zuen bira osoa eta Tonky gonbidatu zuen Hurricane Blues diskoaren grabazioan parte hartzera; disko hau Katrina urakanak eragindakoan oinarritua da eta 2006an kaleratu zuten. Gaur egun Tonky Blues Band Europako blues talde handienen artean dago, jaialdi garrantzitsuenetan parte hartzen du, baina ez ditu albora uzten lehen urratsak egiteko parada eskaini zioten klubak, horietan garatzen baitu genero honek berezko duen inprobisazioa. Bestalde, slide gitarraren espezialista handitzat hartua da. Hamarraldi bitan zehar blues eskola garrantzitsua izan da, eta musikari handien hazitegia ere izan da; horien artean aipagarri dira Ñaco Goñi aho-soinu jotzailea, taldearen aurreneko garaietako kidea, Francisco Simón gitarra jotzaile bikaina eta gerora taldeko kide izan zirenak, Marcos Coll aho-soinujolea eta Adrián Costa gitarra jotzailea, biak ala biak egun Los Reyes del KO taldeko kide direnak, Luca Frasca organo jotzailea eta Paul Larnaudie baxu jotzailea. Tonky de la Peñak ez dio lan egiteari utzi, hainbat proiektu ditu esku artean, eta aldiro-aldiro jaialditan parte hartzen du Raimundo Amadorrekin batean, Cambayá Blues Reunión delakoan, zeinetan Mingo Balaguer aho-soinujole sevillar handiak eta Francisco Simón gitarra jotzaileak parte hartzen duten. Gainera, birak egiten ditu Espainian eta Frantzian Nico Wayne Toussaint abeslari eta aho-soinujole bikaina eta Charles Pasi talentu handiko gaztea lagun dituela. Bestalde, astelehenero Jam Session bat zuzentzen du Valentziako Black Note klub ezagunean.

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa