2021-10-27
Zahartze osasungarria eta jasangarria lortzeko auzokide-sarea izango da EKIN Leioaren barruan lantzeko erronka kolektibo berria
Zahartze osasungarri eta jasangarrirako auzo-sare bat sortzea izan da herritarrek aukeratu duten erronka datorren ikasturtean Herrigune Leioako EKINen garatzeko.
Gaia zehaztu ondoren, hurrengo urratsa askotariko talde eragilea sortzea da, eta talde hori arduratuko da proposamena garatzeaz, Udalaren laguntzarekin eta aholkularitzarekin, kasu honetan Gizarte Ongizateko arloarekin.
Une honetan herritar talde bat ari da talde eragile hori bultzatzen, baina prozesuak aurrera egin ahal izateko ezinbestekoa da askotariko lantalde bat osatzea, hau da, adin, sexu, ideologia eta bizipen desberdineko pertsonez osatutako lantalde bat. Beraz, gaia interesatzen bazaizu, haren parte izatera animatzen zaitugu. Ez du axola zure adina, sexua edo ezagutza, pertsona guztiak ongietorriak dira espazio honetan.
Parte hartu nahi baduzu, hurbildu zaitez Herrigune Leioako Hiritar Laborategira asteazkenetan, 17:00etan, eta informazio gehiago behar baduzu, deitu 627 50 38 98 telefonora edo idatzi herrigune@leioa.net helbidera.