Guztioi dagokigu elkarrizketari irekiagoa, errespetutsuagoa eta baketsuagoa den gizartea eraikitzea, hau da, berau osatzen duten pertsona eta talde desberdinen artean elkarbizitza positiboa nagusituko den gizartea. Erakundeok ere, batez ere herritarrengandik hurbilenekoek, esate baterako Udalak, badugu ardura aldaketa hau bultzatzeko
gure gizartean.
Elkarbizitza eta bakea ikasi eta eraiki egiten dira, eta guztiok gara proiektu honetako protagonista. Helburu honek prozesu motela eskatzen du, eta mentalitate indibidual eta kolektiboaren aldaketa; aldaketa honetan, hezkuntzak erabateko garrantzia hartzen du elkarbizitza baketsuaren ereduari eutsiko dioten balore, jarrera eta trebetasunen garapenean.
Nazio Batuak, bere 53/24 Ebazpenean, azpimarratzen du heziketa funtsezkoa dela bake kultura bultzatzeko bitarteko gisa eta, besteak beste, neurri hauek nabarmentzen dira lortu ahal izateko: "…arduratu haurrek lehen haurtzarotik gatazkak era baketsuan eta giza duintasuna errespetatuz, tolerantziaz eta bazterketarik gabe ebazteko aukera emango dieten balore, jarrera, jokabide eta bizitzeko moduei buruzko irakaspenak jaso ditzaten". Hezkuntza bai formala eta bai informala, familian eta eskolan, elementu giltzarria da bake kulturaren eraikuntzan, haurtzarotik hasita baloreak transmititzeko eta jokabideak ikasteko bidea den aldetik.
Bide honetan, ikastetxeak, duela zenbait urtetatik hona zeregin aktiboa eta erabakigarria betetzen ari dira Elkarbizitza Planak garatuz. Plan hauetan, ikastetxeetan elkarbizitza eta bakerako heziketa hobetzeko inplementatzen diren neurri eta estrategiak zehazten dira.
Horregatik, Leioako Udalak argitalpen xume honekin, "Eskola-elkarbizitzarako programak eta estrategiak" ikastetxeen lan hau babestu nahi du, eta hain garrantzitsua den zeregin honetan lagundu.
Gida hau lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetako irakasleei, zuzendaritza-taldeei
eta hezkuntza alorreko beste profesional batzuei zuzendua dago. Azken batean, egunez egun, pertsonak hezteko eta bake kulturaren baloreetan oinarritutako gizartearen etorkizuna eraikitzeko lan eskergan, duten onena ematen duten guztiei.