Leioa
Bilaketak
Asteazkena, 2024ko Apirilaren 24a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2012-11-09 ‘Leioako leku-izenak’ liburuaren aurkezpena asteazkenean
libro / liburua

‘Leioako leku-izenak’ liburua aurkeztuko da Leioan datorren asteazkenean, azaroak 14, arratsaldeko 19.30ean Kultur Leioako liburutegian. Euskaltzaindiak Leioako Udalarentzat eginiko azken lan honen nondik norakoak azalduko zaizkie bertaratzen diren herritarrei, eta, honetaz gain, liburuaren ale bat ere jasoko dute doan.

Liburuan, azken hiru urteetan egin den Leioako toponimia ikerketa-lanaren emaitzak batu eta herritarren esku ipini dituzte Leioako Udalak eta Akademiak. Lanaren egileak Mikel Gorrotxategi, Iratxe Lasa eta Goizalde Ugarte dira. Lehen aurkezpen hau Bilbon izan bada ere Udalak aurkezpen berezia hau egingo du asteazkenean Leioan herritarrei bereziki zuzendutakoa lan honen nondik norakoak azaltzeko.

Leioako leku-izenak Euskaltzaindiak argitaratzen duen “Izenak” bildumaren 2. liburukia da eta Leioako Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzaz kaleratu da. Lan horretan herriko 800 bat lekuren izenak jaso dira, gaur egun bizirik direnak ez ezik, desagertutakoak ere bildu direlarik. Ikertzaileek adierazi bezala, ikerketak iraun duen bitartean, informazio eta dokumentazio ugari bildu dute. Hala, artxibo zaharrak arakatzeaz gain, ahozko informazio iturriak erabili dira. Ikerketa honetan leioaztar batzuek modu aktiboan hartu dute parte, eta euren memorian gorderik zuten informazioa emanda, euren laguntza eta ekarpena funtsezkoak izan dira lan hau burutu ahal izateko.

Balio linguistikoa eta balio historikoa. Horiek dira toponimiak dituen bi balio nagusiak. Horrela, bada, ikerketa honen emaitzak askotarikoak dira: Leioako leku-izenak sendotzeaz gain, herriko toponimia historikoaren ia %100 euskalduna dela erakusten digu, “baina euskara eta gaztelaniaren arteko elkarbizitzak eragin zuzena izan du toponimian ere, eta jatorrizko izenak aldatu edo desitxuratu egin dira elkarreragin horren ondorioz”. Bestalde, Leioako euskara aztertzeko ere balio handiko informazioa ematen du toponimiak.

Leioako leku-izenak liburuak udalerriaren izenari buruzko informazio zehatza ematen du hasieran, eta ondoren auzo-, etxe- eta kale-izenen berri eskaintzen du. Leioako etxaldeei -baserriei- arreta berezi eman diete libururen egileek, “toponimian altxorrik handienak eta emankorrak” direlako. XVI. mendeko etxe-izen batzuk bildu dira, eta XVIII. eta XIX. mendeetako baserri zerrendak eskaintzen dira, informazio osagarriarekin: baserriari buruzko datuak (desagertua dagoen, adibidez), izenaren historia, gaur egungo kokapena eta baita argazki ugari ere. Azkenik, “beste leku-izen batzuk” izenburupean, mendien, basoen, erreken eta lur sailen izenen azalpenak bildu dira.

Aurrerantzean, euskarri digitalean ere kaleratuko dira ikerketaren emaitzak, CD batean bilduko direlarik. Euskaltzaindiak eta Leioako Udalak 2011ko apirilean sinatu zuten Leioako leku-izenak kaleratzea xede zuen lankidetza hitzarmena.

“Izenak” bilduma
Esan bezala, Leioako leku-izenak “Izenak” izeneko bilduma barruan argitaratu da. Bilduma horren xedea euskal toponimia ezagutaraztea da. Izan ere, Euskaltzaindiaren Onomastika lanak euskal izenen ikerketa du helburu, bai antroponimoena (ponte izenak, deiturak...) bai toponimoena (toponimia nagusia, txikia, exonimia, kale izendegiak, etxe izenak...). Izen horiek bildu, sailkatu, ikertu eta arautu ondotik, beharrezkotzat jotzen du Euskaltzaindiak izenen forma zuzenak plazaratzea, euskararen erabileran eta normalizazioan eragina izan dezaten. Hain zuzen ere, hori da “Izenak” bildumaren xedea.

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa