2024-12-09
Leioako Udalak kanpaina bat jarri du abian herritarrak herriko saltokietan kontsumitzeak duen garrantziaz kontzientziatzeko
"Leioako saltokietan denbora pasa" lelopean, ekimena Gabonetako kanpaina hasita dagoenean dator, Leioako establezimenduetan erosketak sustatzeko helburuarekin
Leioako Udalak sentsibilizazio-kanpaina bat jarri du abian hurbileko saltokietan kontsumitzearen garrantziari buruz, tokiko ekonomiaren motorra izaten jarrai dezaten, baita enplegua eta bizikidetza sortzeko tresna ere bizilagunentzat.
"Leioako saltokietan denbora pasa" lelopean, Udalak, Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo arloaren bitartez, ohiko denbora-pasetan oinarritutako kanpaina diseinatu du (letra-zopa, gurutzegramak, puntuak batzea, sudokoak, besteak beste), garuna aktibatzeko tresna gisa, eta, oraingoan, leioaztar saltoki eta establezimenduetan erosteaz garrantziaren inguruan hausnartzeko modu desberdin eta dibertigarrian laguntzeko.
Horrela, datozen egunetan, udalerriko lokalei buruzko joko mentalak jasotzen dituen aldizkari bat jasoko dute herritarrek beren etxeetan. Kanpaina udal sare sozialetan eta kalean ere ikusgai egongo da. Horrela, tamaina handiko panelak jarriko dira, aldizkarikoen antzeko joko eta erreferentziekin, Lamiakoko Juan de Ajuriagerra plazan, Txorierriko Manuel Irujo plazan, San Bartolome elizako plazan, Sabino Aranan eta Pinuetako Txokolate Etxean.
Tokiko merkataritzaren aldeko ekimen hau joan den azaroaren 30ean amaitu zen "Leioa Indartu Bonoa" ekimenaren ondoren iritsi da, Gabonetako kanpainan; izan ere, urteko garai horretan, are beharrezkoagoa da hurbileko merkataritzan konfiantza izatearen garrantziaz jabetzea.