2024-12-03
Abian da Leioako Udalak euskararen nazioarteko eguna dela-eta antolatu duen programazio berezia
Gaur arratsaldean doako jarduera ugari hasiko dira, euskara hutsean eta herritar guztiek parte har dezaten, udalerrian euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin
Abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Leioako Udalak doako jarduera ugari eskainiko ditu, euskara hutsean eta herritar guztiek parte har dezaten, udalerrian euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin.
Egitaraua abenduaren 7ra arte izango da, larunbata, "Bizi, Hazi, Hezi, Berba, Hartu, Eman" lelopean, eta, besteak beste, zirku eta magia ikuskizunak, bertso txapelketa, escape room saioa, herri kirolak, euskal kantak edo musika eskainiko dira.
Iban Rodriguez Etxebarria alkateak adierazi duen bezala, "euskara kalera ateratzeko dugun modua da, herritarrek euskaraz parte hartu, gozatu eta harremanak izateko dibertitzeko espazioak sortzeko dugun modua", "gure kaleetan gure hizkuntzaren erabilera normalizatzeko modu erraza, baina eraginkorra dela uste dugu". Leioako alkateak gogorarazi nahi izan duenez, "euskara biziberritzea, edozein esparru edo egoeratan erabiltzea, gure esku dago, gure konpromisoaren, gure keinuen, ekintzen eta ohituren mende". Zentzu horretan, "Leioa gero eta euskaldunagoa izateko bidean aurrera egitea ere gure esku dagoela jabetzea garrantzitsua da" azpimarratu du.
EUSKARAREN ASTEA
Egitaraua euskara hutsean izango da, eta euria eginez gero, Aldapa auditorioan eta Errekalde plazan antolatutako ekitaldiak Jose Migel Barandiaran Institutuan edo Kultur Leioan egingo dira.
• ZIRKOAREN EGUNA
Abenduak 3, asteartea.
18:00etan Zirika Zirkus - "Egun on, sikiera!". Errekalde plaza
Oparien banaketa.
• HERRI KIROLEN EGUNA
Abenduak 4, asteazkena.
17:30 Herri kirolak Arran Elkartearen eskutik. Errekalde plaza.
• IRUDIMENAREN EGUNA
Abenduak 5, osteguna.
17:30, "Holter familiaren madarikazioa". Gaztegunea.
* aldez aurretik inskribatu behar da
18:00, "Hitzen Lapurra". Ipuin kontalaria Dorleta Kortazarren eskutik. Mastitxu Udal Euskaltegia.
18:30, "Ipuinak Dantzan", Ana Apika eta Intxixu Valbuenarekin. Kultur Leioa.
* aldez aurretik inskribatu behar da
19:30, Kantu Poteoa Kittu taldearekin. Estartetxe kalean zehar.
19:30, Udondoko txikiteroak. Udondoko Boulevardetik.
• ALDAPA EGUNA
Abenduak 6, ostirala
12:00 "Euskaldunen jatorria, historia eta irria" Ion Martinez "Txiki". Aldapa auditorioa
19:30 DJ Kaktus. Aldapa auditorioa.
• MAGIAREN EGUNA
Abenduak 7, larunbata
11:30 Tor eta Txoborro magoen ikuskizuna. Aldapa auditorioa
17:30 Hodei magoaren tailerra. Gaztegunea
* aldez aurretik inskribatu behar da
20:00 Bertso saioa. Kultur Leioako Auditorioa
Euskararen erabilera sustatzeko beste ekimen bat datorren igandean, abenduaren 8an, egingo den Nekazaritza eta Abeltzaintza Azokarekin lotuta dago. Izan ere, nobedade gisa, aurten, nekazaritza munduak euskararekin duen harreman sendo eta historikoa aprobetxatuz, Leioako Udalak hiztegi bat argitaratu du, euskara-gaztelania. Azoketako ohiko produktuen izenak eta ohiko esaldiak ditu. Postuetan ere kartelak egongo dira, euskaraz eskatu ahal izateko.. Zentzu horretan, alkateak adierazi du helburua dela "euskararen erabilera erraztea ekoizleekin euskaraz erlazionatzeko eta animatzeko bultzada txiki bat besterik behar ez dutenei "
EUSKARA SUSTATZEKO UDAL PROGRAMAK
Leioako Udalak abian jarri du udalerrian euskara sustatzeko plana. Plan horrek datozen 10 urteetarako ardatz estrategikoak, lan-ildoak eta ekimenak zehaztuko ditu, 2034ra arte. Planaren helburua gero eta euskaldunagoa den Leioarantz aurrera egitea da, testuinguru eleaniztunean, euskaldun aktibo eta ahaldunduak dituen komunitatea indartuz.
Gainera, urtean zehar Leioan euskararen erabilera sustatzea helburu duten hainbat udal programa eta dirulaguntza izaten dira:
Proiektuak:
Leioa Familian:
Familia barruko hizkuntza ohituretan eragin edo sendotu nahi duten familien begirako programa. Hilean behineko tailerren bidez egiten da, eta 4 eta 8 urte bitarteko haurrak dituzten familia euskaldun eta mistoentzat (gurasoetako bat euskalduna dutenak) zuzenduta daude. Tailerren helburua da familia barruan zein familien artean hizkuntza ohituretan eragitea, euskararen erabilera bultzatzeko eta harreman sarea ehuntzeko. Euskara hutsean egiten dira.
Sorgina Txirulina:
Euskaraz ez dakiten helduentzat prestatutako tailerrak. Saioetan helduek eta 5-8 urte arteko txikiek hartzen dute parte. Saio bakoitzean, eguneroko gai baten inguruko ipuin bat kontatzen da, eta horren ostean, tailer praktiko bat egiten da. Horrela, helduen eta txikien arteko euskarazko harremanak bultzatzen dira, eta euskara hurbiltzen zaie euskaldun ez diren helduei.
Eman giltza:
Jaioberrien gurasoei laguntza eskaintzen zaien programa. Euskara transmititzeko eta gurasoen kezka, zalantza edota beldurrak uxatzeko gomendioak, aholkuak, tresnak eta baliabideak eskaintzen dira.
Dirulaguntzak:
Euskara ikasteko dirulaguntzak:
Leioako Udalak dirulaguntzak eskaintzen dizkie euskara ikasten edo hobetzen ari diren udalerriko bizilagunei. Urtean behin ematen dira, eta Leioako bizilagun guztiek euskara ikasteko aukera izango dutela bermatzen dute.
Komunikabideetarako dirulaguntzak:
Tokiko, Leioako edo eskualdeko idatzizko komunikabideentzat ezarritako dirulaguntzak, komunikabide horiek Leioa herrian baldin eta badute komunikazio-ardatzetako bat, euskara hutsean badaude eta paperezko edizioaz gain, edizio digitala baldin badute.
Euskarazko musika ikuskizunetarako dirulaguntzak:
Leioako udalerrian urteko jai-egitarau barruan jai-batzordeek antolatutako euskarazko musika ikuskizunetarako dirulaguntzak dira. Zehazki, dirulaguntza honen xede izango dira euskara hutsean egiten diren talde edo bakarlarien kontzertuak.
Errotuluetarako dirulaguntzak:
Merkataritza-, ostalaritza- eta zerbitzu-establezimenduetan errotuluak euskaraz jartzeko dirulaguntzak dira. Helburua dute, halaber, euskararen erabilera sustatzea eta Leioako herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea, betiere establezimendu horien jarduera-esparruan.
Euskararen erabilera sustatzeko dirulaguntzak:
Leioako udalerrian euskararen erabilera sustatzeko ekintzetarako ohiko dirulaguntzak dira. Adibidez, elkarteen euskarazko web orriak sortzea, elkarteen barruko euskara planak egitea, Leioan euskararen erabilera areagotzeko ekintzak antolatzea…
BAT, BI…EHUN
Azkenik, Leioako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak aho batez erabaki du Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek, EUDELek eta Udalerrien Euskaldunen Mankomunitateak euskararen alde egindako adierazpenarekin bat egitea.
Agiri osoa, erantsita.
SARE SOZIALAK:
LEIOA UDALA: FACEBOOK / TWITTER / INSTAGRAM
www.leioa.net
LEIOA GUREA
#euskera
Partekatu:
Itzuli