2024-10-31
Leioako Udalaren osoko bilkurak 2025eko ekitaldirako tasak eta zergak eguneratzea onartu du
Oro har, % 2,5eko eguneratzea da
Leioako Udalaren Osoko Bilkurak gaur goizeko batzarrean onetsi du 2025. urteko tasa eta zergen % 2,5 oro har eguneratzea. Datorren urterako onartutako igoera 2024ko, ekitaldi honetarako, onartutakoa baino % 1,2 txikiagoa da, eta, baditu zenbait salbuespen eta berritasun.
ONDASUN HIGIEZINEN GAINEKO ZERGA
Igoera orokorraren salbuespenetako bat Ondasun Higiezinen gaineko Zergarekin (OHZ) zerikusia duena da.
Bizkaiko Foru Aldundiak katastro-balioak berrikusi ondoren, Leioako Udalak Ondasun Higiezinen gaineko Zerga eguneratuko du 200.000 eurotik gorako katastro-balioa duten etxebizitzentzat, % 7tik beherakoa Leioan; gainerako kasuetan, ia % 83, OHZren zergak bere horretan jarraituko du, aldaketarik gabe.
• Katastroko balioa 200.000 eurokoa izan arte, ez da aldaketarik izango.
• 200.000 eurotik 250.000 eurora, karga % 10 igoko da.
• 250.000, 01 eurotik 300.000 eurora, karga % 15 igoko da.
• 300.000 eurotik gorako kargak % 20ko igoera izango du.
Zerga horri dagokionez, jenderik gabeko etxebizitza bakoitzeko % 50eko errekarguari eutsi zaio, baina eguneratu egin dira errekargu horretatik salbuetsita geratzen diren kasu batzuk: etxebizitzaren titularrak egoitza batera joan behar izan duen kasuak, mendekotasunagatik, bizigarritasun-ezintasunaren adierazpena duten higiezinak, titularra lan- edo prestakuntza-arrazoiengatik aldi baterako lekualdatu delako hutsik dauden etxebizitzak..., besteak beste.
ZABORREN BILKETA-TASA
% 2-5eko igoera orokorraren beste salbuespenetako bat zabor-bilketari dagokiona da. Tasa hori % 50ean eguneratuko da, hau da, hilean 3 euro inguruko igoera zergadun bakoitzaren fakturan.
Hurrengo urtetik aurrera, udalek Europako jarraibidea bete behar dute – Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/851 EB Zuzentaraua eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Hondakinen Esparru Zuzentaraua –, eta, horren arabera, toki-administrazioek hartu behar dute beren gain zerbitzu osoaren (bilketa, lekualdaketa eta tratamendua) kostu erreala, zuzena eta zeharkakoa.
HOBARIAK
Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergari dagokionez, 2025erako aurreikusitako % 2,5eko igoerari 2024rako onartutako - baina ez aplikatukoa- beste % 2,5eko atzeraeraginezko igoera bat gehitu behar zaio.
Zerga honen gainean, berau arautzen duen ordenantzan onartutako hobariak nabarmendu behar dira:
• % 50ekoa, gutxienez 25 urteko antzinatasuna duten ibilgailuentzat.
• % 75ekoa auto elektrikoetan,
• % 60koa edo % 50ekoa 40 km baino gehiagoko edo gutxiagoko autonomia duten ibilgailu hibridoentzat, hurrenez hurren.
• % 25 edo % 40 kilometroko 120 edo 110 CO2 baino gutxiagoko isurketetarako, hurrenez hurren.
Halaber, % 100eko hobariari eutsiko zaio historikotzat jotzen diren ibilgailuentzat.
2025etik aurrera, % 95eko hobaria sartuko da indarrean interesekotzat jotzen diren obretarako hirigintza-lizentziak emateagatiko tasan.
Azkenik, gaur goizeko osoko bilkuran Egoitza Santuari, Gotzainen Batzarrari, Elizbarrutiei, Parrokiei eta beste lurralde-barruti batzuei, Erlijio Ordena eta Kongregazioei eta bizitza kontsakratuko Institutuei eta horien probintzia eta etxeei Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren salbuespena kentzea onartu da.