2024-10-22
Udalak abian jarri du "Loturak Emakumeok Leioa" ekimenaren bigarren edizioa
Ekimenak elkarrizketarako, baterako hausnarketarako eta emakume migratuei eta/edo errefuxiatuei buruzko kontakizun abegikor eta positibo bat eraikitzeko partaidetza-prozesuak zabaldu eta indartu nahi ditu
Leioako Udalak "Loturak Emakumeok Leioa" ekimenaren bigarren edizioa jarri du abian, elkarrizketarako, baterako hausnarketarako eta emakume migratu eta/edo errefuxiatuentzako kontakizun abegikor eta positibo bat eraikitzeko partaidetza-prozesuak zabaltzeko eta indartzeko.
Leioako Immigrazioaren eta Kultura arteko Bizikidetzaren II. Planaren barruan kokatzen da ekimen hori, eta, besteak beste, honako helburu hauek ditu: emakume horiek ikusaraztea eta herritarrak sentsibilizatzea harrera-prozesuei buruz, harrera egiten zaienaren eta hartzen duenaren ikuspegitik. Horretarako, emakume migratuak eta autoktonoak elkartzeko guneak sortuko dira, bakoitzak bere ikuspegitik elkar ezagutu eta partekatu ahal izan dezan nola hartzen diren batzuk eta nola besteak.
Metodologia lehenengo edizioan erabili zen berbera izango da. Horrela, datozen hilabeteetan hainbat tailer egingo dira emakumeek beren migrazio-esperientziak eta harrerari buruzko kezkak azaltzeko. Saio horietan, material idatziak eta ikus-entzunezkoak sortuko dira, herritarrak migrazio-prozesuei buruz sentsibilizatzeko eta emakumeek prozesu horietan duten zeregina ikusarazteko.
Programaren xehetasunak eta garapena datorren asteartean, urriaren 29an, emango dira Mendibileko eskoletan, 18:00etatik aurrera. Leioako Udalak ekimena ezagutu eta parte hartu nahi duten herriko emakume migratzaile, errefuxiatu eta autoktono guztiak gonbidatzen ditu, horretarako gizartezerbitzuak@leioa.eus helbidera mezu elektroniko bat bidali edo 94 4 80 13 36 telefonora deitu behar da. Haurtzaindegi-zerbitzua egongo da, aldez aurretik eskatuta.
Pilar Grados Gizarte Politiketako eta Immigrazioko zinegotziak adierazi duenez, "ekimen hau martxan jartzen dugu, bigarren urtez jarraian, gizarte askotarikoago, kulturaniztunago eta solidarioago baterantz eramango gaituzten sare komunitarioak ehuntzen eta zabaltzen jarraitzeko erronkarekin".