2024-10-07
Leioako Udala hasi da udalerrian euskararen erabilera sustatzeko plana diseinatzen
Prozesuari hasiera emateko, diagnostiko bat egingo da, eta, bertan, Leioako gizarte-eragileen eta herritarren iritzia eta pertzepzioa jasoko dira. Urriaren 21era arte bete ahal izango dute https://labur.eus/leioakoaroa helbidean eskuragarri dagoen galdetegia.
Leioako Udalak abian jarri du udalerrian euskara sustatzeko plana diseinatzeko prozesua. Plan horrek datozen 10 urteetarako ardatz estrategikoak, lan-ildoak eta ekimenak zehaztuko ditu, 2034ra arte. Planaren helburua gero eta euskaldunagoa den Leioarantz aurrera egitea da, testuinguru eleaniztunean, euskaldun aktibo eta ahaldunduak dituen komunitatea indartuz.
Prozesuari hasiera emateko, diagnostiko bat egingo da, egungo egoera zein den ondorioztatzeko eta, hortik abiatuta, hainbat lan-jarraibide ezartzeko. Azterketa hori egiteko, Udalak "ezinbestekotzat" jotzen du Leioako gizarte-eragileen eta herritarren parte-hartzea, eta, horregatik, euskararen inguruan dituzten iritziak eta pertzepzioak emanez bete dezaketen formulario bat jarri du haien eskura.
Inprimakia online dago eskuragarri https://labur.eus/leioakoaroa helbidean, urriaren 21era arte.
Azaroan parte hartzeko bi saio deituko dira, lehenengoa egungo egoerari buruz hausnartzeko eta bigarrena, Planak jaso behar dituen erronka nagusiei buruz sakontzeko.