Leioa
Bilaketak
Larunbata, 2024ko Apirilaren 20a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2022-02-25 Leioak BizkaiBizi proiektuarekin bat egiten du
Bizkaibizi / Bizkaibizi

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Barakaldo, Berango, Bilbo, Erandio, Getxo, Leioa, Portugalete, Santurtzi eta Sestaoko udalek bizikleta elektrikoak maileguan uzteko zerbitzu publikoa ezarriko dute herritarrei eguneroko joan-etorrietan bizikletaren erabilera errazteko. Bizkaibizi lehen fase baten 2023 eta 2026 urteen artean jarriko da martxan, 600 bizikleta elektrikorekin eta erabiltzaileek bizikleta jaso eta entregatu ahal izango duten 75 karga-gunerekin. Zerbitzu metropolitarra denez, Bizkaibizi bizikletak udalerri baten barruko edo hainbat udalerriren arteko joan-etorriak egiteko erabili ahal izango dira.

Zerbitzuaren lehen hedapen honek 7,4 milioi euroko inbertsioa eskatuko du lau urteetan; udalek 5,2 milioi jarriko dituzte eta Foru Aldundiak 2,2 milioi.

Bizkaibizi ezartzeko lankidetza-hitzarmena Unai Rementeriak, Ahaldun Nagusiak, eta Barakaldoko alkateak, Amaia del Campok, Berangokoak, Anabel Landak, Bilbokoak, Juan Mari Aburtok, Erandiokoak, Aitziber Olibanek, Getxokoak, Amaia Agirrek, Leioakoak, Iban Rodriguezek, Portugaletekoak, Mikel Torresek, Santurtzikoak, Aintzane Urkijok eta Sestaokoak, Ainhoa Basabek, berretsi dute.

Hitzarmena sinatu ondoren, hurrengo urratsa zerbitzua lizitatzea izango da. Horretarako, tarifak eta ordaintzeko modua, 75 gune horien kokapenak eta bizikleten ezaugarriak zehaztu behar dira. Alderdi horiek definitzeko Bredako Unibertsitateko bizikleta-mugikortasuneko adituen aholkularitza eta Bilbo eta Getxoko esperientziak, bizikletak maileguan uzteko udal-zerbitzuak arrakastaz ezarri dituzten bi udalerri, hartuko dira kontuan.

Lehen fasea Bilbo Metropolitarrean garatuko da

Bizkaibizi itsasadarraren bi ertzetako udalerrietan hedatzen da, horrelako ezaugarriak dituen zerbitzu bat abian jartzeko eta probatzeko behar den masa kritikoa eskaintzen baitute; bederatzi udalerriek 700.000 biztanle baino gehiago dituzte eta Bilbo hartzen du barnean, lurraldean egiten diren joan-etorri gehienen helmuga eta jatorria.

Era berean, metropoli-eremuko hedapenari esker Bizkaibizi beste garraio publikoko sistema batzuekin osatu ahal izango da eta horrela zentzu eta potentzial handiagoa izango du 2024rako aurreikusita dauden Getxo eta Bilbo arteko bulebarra eta Erandio eta Barakaldo arteko zubia bezalako azpiegiturak martxan jarrita. Era berean, kontuan hartu behar da Bilboko eta Barakaldoko bidegorrien udal-sareen konexioa, 2023rako aurreikusi dena, bai eta Bizi Planean jasotako beste ekintza batzuk ere, hala nola egoiliarrentzako eta garraio publikoko geltokietako lehen bizikleta-aparkalekuak, tresna-dorreak, unibertsitateko mugikortasunaren arloko prestakuntza edo bizikletari lotutako lanbide-heziketa.

Balorazioak

Unai Rementeriak, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, hitzarmena sinatu eta aurkezteko ekitaldian bizikletaren aldeko apustua elementu eraldatzaile gisa partekatzen duten erakundeek egindako talde-lana azpimarratu du eta aurreratu duenez, Bizkaibizi zerbitzu-kalitatean, erabileretan eta erabiltzaileetan hazteko eta Bizkaian zehar zabalduz beste udalerri batzuk gehitzeko asmoarekin sortu da, "bizikletak lurralde hobe baterantz aurrera eginarazten digulako, bizi-kalitate handiagokoa, modernoagoa eta iraunkorragoa".

Iban Rodriguezek, Leioako alkateak, adierazi duenez, "hitzarmen honek Leioarako nahi dugun hiri-ereduan aurrera egiten jarraitzeko aukera ematen digu; atsegina, ondo konektatua, modernoa eta ingurumenarekiko begirunetsua. Bilbo Handiarekiko lotura erraztuko digu Leioan apustu sendoa egiten dugun garraiobidea erabiliz. Administrazio desberdinen arteko baterako lana, zalantzarik gabe proiektuaren balioa modu esponentzialean handitzen duena".

Amaia del Campok, Barakaldoko alkateak, lehenengo eta behin, Aldundiaren eta udalen arteko lankidetzari eman dio garrantzia, "metropoli handi moduan elkarrekin lan egiteko inoiz baino gehiago batuko gaituen proiektu batean, gure hirien artean distantzia txikituz eta bizikleta bezalako garraiobide ez-kutsagarri batekin mugitzea erosoagoa izatea bideratuz". Esan du Barakaldok proiektu hau "ilusio handiarekin itxaroten zuela", eta del Campok honakoa iragarri du "Barakaldarren artean harrera oso ona izango du, hainbat udalerriren arteko aisialdiaz gozatzeko bizikleta erabiltzeko aukera emango baitie, eta baita gure hiritik kanpo egin behar dituzten lanerako edo ikasteko joan-etorriak hobetzeko ere".

Beste alde batetik, Bilboko alkateak, Juan Mari Aburtok, hitzarmen honen sinaduraren hiru alderdi nabarmendu ditu: "elkarrekin lan egiten duten hainbat erakunderen baturak ematen digun indarra, mugikortasun ziklista eta jasangarriaren aldeko udalen eta lurraldearen apustu argia, eta Bilbo bizikletaren erabileraren aldeko apustuan pixkanaka aurrera egiten ari dela eta gaur egun ekimen honekin bat egiten duen BilbaoBizi zerbitzu publikoaren arrakasta". Aburtok, "erabiltzaileei eta gainerako herritarrei errespetua eta zuhurtzia" eskatu ondoren, "bai materialekin, bai pertsonekin eta beste ibilgailu batzuekin", ondorioztatu eta gogorarazi du "bizikleta sustatzea lehentasuna dela gure udal-ekintzan, eta Bilbo proiektuetan murgilduta dago hala Foru Aldundiarekin nola Bizkaiko beste udal batzuekin, eskuineko eta ezkerreko ertzak bidegorri-sare baten bidez lotzeko, eta, beste alde batetik, hiriburutik haratago bizikletaren zaletasuna eta erabilera sustatzen duten ekitaldien aldeko apustua egiteko, Bilbo-Getxo bezalako probekin, Bizikletadarekin, Bilbo-Bilbo klasikarekin,… eta baita aurtengo abuztuko Vueltarekin eta 2023an Tourraren irteerarekin ere".

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa