Leioa
Bilaketak
Ostirala, 2024ko Martxoaren 29a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2021-07-15 Euskadiko Parke Teknologikoen 35.urteurrena ospatzeko erakusketa hartu du Leioak abuztuaren 1era arte
Exposición / Erakusketa

Leioako Sabino Arana etorbidean erakusketa berezi dago gaurtik aurrera, aire zabalean: bere 35. urteurrena dela eta irudi, azalpen-panel eta QR kodeen bidez Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoaren (BPZT-PCTB) historia, ibilbidea eta egungo errealitatea azaltzen dituzten burdinazko, altzairuzko eta hormigoizko 10 monolito. Abanto-Zierbenan ikusgai egon den erakusketa abuztuaren 1era arte egongo da Leioan, Sabino Arana etorbidean, eta, ondoren, Bilbora, Deriora eta Zamudiora joango da. Azken udalerri horretan amaituko du ibilbidea.

Erakusketa gaur inauguratu da Leioan, Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendari nagusia bertan zela, Iban Rodriguez Etxebarria herriko alkatearekin batera, beste agintari eta gonbidatu batzuen artean.

Leioak, Derio-Zamudioko mugetatik kanpo Bizkaiko parkearen lehen hedapenaren egoitza delako hartzen du parte erakusketa ibiltari honetan, unibertsitate baten eta parke teknologiko baten arteko lankidetzaren esperientzia aitzindaria. Ekimen hori, BPZT-PCTBren kanpus anitzeko eredua, aitzindaria da Estatuan. Ondoren, Estatuko beste parke teknologiko batzuek jarraitu dute eredu bera. Gaur egun ekoizpen-sektorera bideratutako ikerketa-jarduerak biltzen eta unibertsitatearen eta enpresaren arteko harremanak sustatzen dituen egoitza bat hartzen du Leioako kanpusean.

UPV/EHUk Leioan duen Parke Zientifikoak Basque Center for Climate Change (BC3) zentroaren egoitzaren lehenengo solairuan hasi zuen bere jarduera, eta gero beste hiru BERC gehitu zitzaizkion: Achucarro, BCAM eta Ikerbasque. Gainera, kanpus zientifikoak Animalien Bioteknologiako "María Goyri" zentroa, "Martina Casiano" Plataforma Teknologikoa, eta neurri batean Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenaren (CSIC) mende dagoen Biofisika Unitatea ditu.

Epalzak adierazi duenez, erakusketa publiko honen bidez ‘Bizkaiko biztanle guztiei 35 urte bete dituen ibilbide arrakastatsua helarazi gura diegu. Eta aldi berean, parke teknologikoen funtsezko eginkizunari, egungo errealitateari eta ilusioz betetako etorkizunari buruzko mezua helarazi, talentua eta ezagutza batzen dituen eta oraina hobetzeko eta gizartearen etorkizuna sortzeko lan egiten den ingurunean”.

Iban Rodriguez Etxebarria Leioako alkateak Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoaren ibilbidea ospatu zuen, eta, aldi berean, 2016an parkea UPV-EHUren ondoan udalerrian hedatzeak Leioarako izan zuen garrantzia azpimarratu zuen. 'Leioako Parke Zientifikoa hazten ari bada ere, poz handia eman digu dagoeneko, eta ikerketa, berrikuntza eta ikaskuntza lana indartzen eta indartzen jarraituko duelakoan gaude. Harro egoteko modukoa da Leioa, Bizkaia eta Euskadirentzat '.

‘Ezagutu non sortzen den gure etorkizuna’
Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoak (BPZT/PCTB), lurralde honetan eta Euskal Autonomia Erkidego osoan ekonomiaren, zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren arloko zentro nagusietako batek, hiru hamarkada eta erdiko jarduera ospatu gura du, herritarrei bere historia, ibilbidea, egungo errealitatea eta etorkizuneko planak ezagutaraziz.

Eta horretarako, bost hilabetez Bizkaiko beste hainbat udalerritan zehar ibiliko den erakusketa berezia antolatu du: Leioa (uztailaren 15etik abuztuaren 1era), Bilbo (abuztuaren 6tik irailaren 12ra), Derio (irailaren 17tik urriaren 12ra) eta Zamudio (urriaren 15ean). Maiatzaren 28tik Gallarta, Las Carreras eta Sanfuentes auzoetan ikusgai egon den Abanto-Zierbenaren ondoren, erakusketa aipatutako Herri horietan ikusi ahal izango da bost hilabetetan zehar; izan ere, urrian itxiko du ibilbidea Zamudion, APTEren (Parke Zientifiko eta Teknologikoen Estatuko Elkartea) biltzarrarekin bat eginez.

‘Ezagutu non sortzen den gure etorkizuna’ lelopean, aire zabalean ikusteko diseinatutako erakusketa da, eta burdin forjatuz eta corten altzairuz egindako 10 monolito handi ditu. Bi aurpegietan Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoaren 20 irudi ageri dira, azalpen-panel elebidunekin, eta mugikorraren bidez hainbat azalpenbideo eskuratzeko aukera ematen duen elementu interaktibo batekin batera (QR kodeak).

Ezohiko formatuarengatik, eta Pedro Luis Ajuriaguerra muskiztarrak Parkearen historia, ibilbidea eta egungo eta etorkizuneko errealitatea islatzeko aukeratu dituen irudiengatik nabarmentzen da erakusketa. Artista autodidakta da, lehiaketa eta erakusketa ugariren bidez nazioartean errekonozimendua lortu duena, eta argazkigintza arkitektonikoaren arloan nabarmentzen dena.

Erakusketa gaikako hainbat arlotan egituratzen da: parkearen jatorria, ingurune pribilegiatua eta ingurune naturalaren iraunkortasunaren eta zaintzaren aldeko apustua, horrek bultzatu duen industria eta ikerketa binomioa, teknologiaren sustapena, bere barruan garatu diren hainbat sektore eta zentro teknologiko, eta baita Derio-Zamudioko jatorrizko egoitzatik kanpora egin diren hedapenak ere: UPV/EHUren Zientzia Parkea eta Bizkaiko etorkizuneko Teknologia Parkea Ezkerraldea-Meatzaldean, energiaren sektorearekin lotutako jarduerak erakarriko dituena.

Nazioarteko erreferentea
Erakusketaren ekimenaren helburua Bizkaiko eta Euskadiko garapen ekonomikorako oso garrantzitsua izan den azpiegitura baten balioa nabarmentzea eta herritarrengana hurbiltzea da. Baina ez du bere zeregina aberastasuna eta enplegua sortzera mugatu, aldi berean, teknologiaren eta talentuaren berrikuntzaren eta garapenaren polo gisa erreferentzia ere izan da.

Parkearen sorrerak, ordura arte ezezaguna zen berrikuntza ekarri zuen, eta Eusko Jaurlaritzaren apustu ausarta eta irmoa izan zen. Apustu horrek baliabide ugari behar izan zituen, eta beste erakunde publiko batzuen laguntza jaso zuen. Gaur egun, 35 urte geroago, apustu hori erreferentea da nazioartean. Talentu- eta ezagutza-ekosistema batean dauden teknologia handiko enpresek funtsezko berrikuntza-gune garrantzitsua bihurtu dute BPZT/PCTB Euskadiren garapen ekonomikorako.

Parkeak 270 enpresa baino gehiago hartzen ditu gaur egun, 3.300 milioi euro baino gehiagoko fakturazio bateratuarekin eta urtean 300 milioitik gorako inbertsioekin I+G jardueretarako. 11.000 pertsona inguru ari dira parkean lanean; horietatik %7k doktoretza du, % 57k unibertsitate-titulua, eta % 20k 30 urte baino gutxiago ditu.

Bertan finkatutako enpresak liderrak dira Eusko Jaurlaritzaren 2020rako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean estrategikotzat jotzen diren sektoreetan, aeronautikan, automozioan, elektronikan, energian, ingurumenean, ingeniaritzan, medikuntzan eta biozientzietan edo informazioaren teknologietan, besteak beste. Halaber, hauek ere presentzia garrantzitsua dute parkean: enpresa klusterrak eta elkarteak, unibertsitateak eta prestakuntza zentroak, Oinarrizko eta Bikaintasunek Ikerkuntza Zentroak (BERC), berrikuntza eta inkubazioa bultzatzeko eragileak, talentuari laguntzeko zentroak, fabrikazio aurreratuko zentroak, korporazioak eta zentro teknologikoak.

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa