Leioa
Bilaketak
Ostirala, 2024ko Martxoaren 29a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2021-02-05 Avanzadako trafikoa berrantolatzeko lanak hasten dira, Bilboko noranzkoan
Avanzada / Avanzada

Bizkaiko Foru Aldundiak beste esku hartze bat egiten du la Avanzadako (BI-637 errepidea) zirkulazioaren segurtasuna eta arintasuna hobetzeko eta Leioako tokiko bideekin errazago lotzeko. Horretarako tunelaren irteeraren (11+590 KP) eta Unibertsitatearekiko lotunearen (10+310 KP) artean Bilborako noranzkoko galtzadaren zatian enborraren eta alboko bidearen arteko erreiak eta sarrera- eta irteera-konexioak berrantolatuko dira.

Aldundiak 2.662.000 euroko inbertsioa egingo du jarduera honetan, eta burutzeko epea bederatzi hilabetekoa izango da. La Avanzada une oro trafikorako irekita mantentzeko eta erabiltzaileen eta langileen segurtasuna bermatzeko, obra hiru fasetan banatuko da. Gogoan izan behar da jarduketa egingo den tartean La Avanzadak egunean 100.000 ibilgailutik gorako dentsitatea duela (2019an, batez beste, 126.000 ibilgailu erregistratu ziren lanegunetan).

La Avanzadako tarte honen berrantolaketa Aldundiaren eta Udalaren artean adostu da eta alboko bidea -gaur egun foru titulartasunekoa- Leioako tokiko bide-sistemara transferituta osatuko da. Bilborako noranzkoko galtzadaren egoera hobetu ondoren, antzeko jarduketa bati ekingo zaio Getxoko noranzkoko galtzadaren zati berean.

Imanol Pradalesek, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak, Aldundia BI-637 errepidean, hala La Avanzadan nola Kukularrako lotunean eta Plaiabarri elkargunean, zirkulazioaren segurtasuna eta arintasuna hobetzeko egiten ari den jarduketen balioa azpimarratu du; izan ere, hiru puntu horiek kritikoak dira eta horietan jarduteko "mikrokirurgia" erabiltzen da errepideak hobetzeko, betiere zirkulazio segurua bermatuz. Hobekuntza-lan horiei dagokienez erabiltzaileen ulermena eta pazientzia eskertu ditu Pradalesek, eta nabarmendu du 2022an, hiru obra horiek amaituta, lortutako hobekuntzaz baliatu ahal izango direla.

Bestalde, Iban Rodriguez Etxebarria Leioako alkateak erakundeen arteko lankidetza eskertu zuen, "Gure helburua lortzeko urrats berriak ematea ahalbidetzen digulako, eta argi dago Avanzadak Leioako herritarren osasunean eta bizi-kalitatean duen eragina arintzea ahalbidetzen digulako".

Jarduketaren xehetasunak
Hilaren 11n hasten diren lanekin zati horretako enborraren eta alboko bidearen arteko hiru aldaketa edo truke konexioak aldatuko dira. Gaur egungo hiru konexioetatik tuneletik gertuen dagoen irteera ezabatzen da. Bigarren konexioa, gaur egun sartzekoa dena, enborretik alboko bideranzko irteera bihurtzen da. Hirugarren konexioa, gaur egun alboko biderantz ateratzeko dena, La Avanzadan sartzeko bide bihurtzen da.

Tarte horretan La Avanzadak uneoro mantenduko ditu Bilborako noranzkoan zirkulatzeko bi erreiak, eta horiei hirugarren erreia gehituko zaie, sartzeko edo irteteko erreia, alboko bidearekin lotzeko mugimendu berriak egiteko beharrezkoa dena.

Konexioen berrantolaketa hori osatzeko jarduketak alboko bidea berrasfaltatzea ere aurreikusten du eta, horretarako, asfalto fonoxurgatzailea aplikatuko da. Asfalto mota horrek murriztu egiten du ibilgailuek sortzen duten zarata eta iazko udan Getxoko noranzkoan tunelaren eta Artazako biribilgunearen arteko zatian egin zen obran ere aplikatu zen. Asfaltatzeaz gain, banaketa-irlak aldatuko dira eta plataformaren lurrazaleko eta lurpeko drainatze-elementuak egokitu eta birkokatuko dira. Enborreko eta alboko bideko argiztapen-sistemak ere aldatuko dira, eta seinaleak sarbideen eta galtzaden konfigurazio berrira egokituko dira.

Trafikoaren gaineko eraginak lehen fasean
Lanak hiru fasetan egingo dira, eta horietako bakoitzak azpitarte bat atzemango du. Horrela, ahalik eta gutxien eragingo zaio zirkulazioari eta la Avanzada eta alboko bidea trafikoari irekita mantenduko dira. Fase bakoitzak hiru hilabete inguruko iraupena izango du.

Lehenengo fasea enborreko eta alboko bideetako erreietan egingo da eta merkataritza-guneetarako irteera, Astrabudua eta gasolindegiaren parean dagoen EHUko campuserako lotunea ixtea ekarriko du. Konexio hori, gaur egun irteerakoa dena, aldatu egingo da lehen fase honetan eta la Avanzan sartzeko bide bihurtuko da.

Horrela, obren lehen fasean, la Avanzadatik zirkulatu eta merkataritza-zentroetara, Unibertsitatera edo Astrabudura doazen erabiltzaileek enborretik irten beharko dute tunelak utzi ondoren.

Behin gasolindegiaren altueran sartzea gaituta, obren bigarren fasean lanak egingo dira Udondoko egungo sarbidean, eta hori enborretik alboko biderako irteera izateko aldatuko da.
Hirugarren fasean, Udondoko irteera berria eta alboko bidean elkar-konexioak egiteko errei berria jarriko dira martxan, eta tuneletatik gertuen dagoen irteera behin betiko itxiko da.
Jarduketa osagarriak

Hilaren 11n hasten den jarduketak itsasadarra zeharkatzeko Arrontegiko zubiaren alternatiba faltak eragindako arazoak arintzeko garatzen ari diren beste jarduera batzuen osagarri izango da. Gaur egun Kukularrako korapiloa birmoldatzeko bigarren fasea garatzen ari da, eta horretan Aldundiak 9,1 milioi euro inbertitzen ditu la Avanzadaren, Txorierriko korridorearen, Enekuritik Bilborako sarbidearen eta Arrontegiko zubiaren arteko igarobideen segurtasuna eta arintasuna hobetzeko.

Oraintsu hasi dira Plaiabarri inguruan obrak egiten, la Avanzadak eta Txorierriko korridoreak Arrontegiko zubirantz egiten duten elkargunea hobetzeko. Kasu horretan 2,6 milioi euroko inbertsioa egin da.

Aurreikuspenen arabera 2021. urtean amaituko dira obrak eta, ondoren, beste jarduketa batzuk egingo dira ingurunean, hala nola Gurutzetako korapiloaren eta Arrontegiko zubiaren artean. Ballonti eta Artazako biribilguneak lotuko dituen ibaipeko tunela martxan jarri bitartean itsasadarraren sare-faltak sortzen dituen arazoak murrizteko jarduketak dira. Gaur egun, eraikuntza-proiektua idazteko fasean dago, eta obrak 2024tik aurrera egingo dira. 2028rako aurreikusita dago itsasadarraren azpiko tunela martxan jartzea.

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa