Leioa
Bilaketak
Osteguna, 2024ko Apirilaren 25a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2020-05-07 Leioako Udalak milioi bat euro baino gehiago bideratuko ditu herriko ekonomiari laguntzeko
Ayudas / Laguntzak

Koronabirusaren pandemiak eta alarma egoerak eragindako egungo krisialdian, besteak beste, enpresetan eta saltokietan jarduerak etetera eta lokalak ixtera behartu baitu. Leioako Udalak herriko ekonomiari laguntzeko asmo handiko plan bat abiatu du, eta milioi bat euro baino gehiagoko diru-partida bideratu du 2020rako, krisialdiak eragin dien sektoreak normaltasunera itzuli eta jardunari berriz ekin diezaioten laguntzeko.

Hala, aurreikusita dago 850.000 euro bideratzea udalerriko enpresetarako zuzeneko dirulaguntzetan; beste 100.000 euro, instalatu beharreko neurrietarako dirulaguntzetan (manparak eta bereizgailuak, metakrilato xaflak, oraindik ere jarraibide egokien zain); eta beste 100.000 euro tokiko merkataritzan deskontu-bonuen bidez erosketak sustatzeko bi kanpaina egite aldera. Horrez gain, ostalaritzarako terrazen tasaren salbuespena egingo da.

Funts horiek Ekonomia Sustapen Sailaren aurrekontuan dagoeneko sartutako funtsetatik datoz, beste sail batzuetatik indartzeko ekarri diren funtsekin batera, bai eta egin ezin izan diren edo ezin egingo diren beste proiektu batzuetara bideratutako partidetatik ere. Alarma egoeraren lehen egunetatik, udal sailak berrantolatu egin zituzten, sinergiak sortzeko eta herritarrei laguntza eraginkor eta handiagoa eskaintzeko.

Iban Rodriguez Etxebarria alkatea gutun eta mail bidez harremanetan jartzen ari da saltokiekin, enpresekin eta autonomoekin, haien egoeraz arduratzeko eta, aldi berean, udaletik ahal duten neurrian nola lagundu jakiteko.

Gogoan hartu behar da, halaber, Ekonomia Sustapen Sailak martxoaren erdialdetik, krisialdia hasi zenetik, harremanetarako telefono bat jarri zuela, hainbat neurriri buruzko zalantzak argitzeko eta enpresei, saltokiei, ostalaritzari eta autonomoei orientazioa emateko, bai eta garatzen ari ziren beste esparru batzuetatik zetozen neurriak ere, laguntzeko neurriak barne. Horrez gain, Leioa Bidean izena duen erosketak etxez etxe eramateko zerbitzua indartu zen Leioako Merkatarien Elkartearekin. Zerbitzu hori erosketak eramateko erabiltzeaz gain, familia ahulek beren elikadura-loteak etxean jaso ditzaten ere erabiltzen da, Sortarazi elkarteak kudeatutako Elikagai Bankuaren lokalera joan beharrik gabe.

Pertsonak helburu
Pertsona ahulenak zaintzea zen eta da Udalaren helburu nagusia krisialdia hasi zenetik. Hori dela eta, berehala aktibatu ziren aparteko neurriak leioaztarrei laguntzeko. Handitu egin dituzte gizarte-larrialdietarako laguntzak (228.000 euro) eta eskola-jantokirik gabe geratu ziren adingabeak elikatzeko laguntzak. Bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako bizilagun guztiei deitu zaie, nola dauden eta zer premia dituzten jakiteko. Horrez gain, adinekoekin telefono bidezko arreta areagotu egin zen, eta zaintzaileentzako Zainduz zerbitzua telefono bidezkoa izatera igaro zen. Bestalde, egoera pertsonal eta familiarrak jorratzen dira egunero Leioako Udalaren Gizarte Ongizate eta Hezkuntza sailen bitartez.

Era berean, ezin da ahaztu Udaltzaingoak eta udal garbiketa-zerbitzuak egindako ahalegina. Bi arlo horiek lehen egunetik erasan ditu egungo krisialdiak, eta egoera berrira profesionaltasunez eta lan handiz egokitzen jakin dute. Udal langile horiek ere izan dituzte lana berme guztiekin egiteko beharrezko segurtasun neurriak. Orobat, datorren astean Udaleko langileek maskara sorta berri bat jasoko dute, gainerako herritarrek bezala. Horretarako, 300.000 euro baino gehiagoko gastua egin behar izan du Udalak.

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa