Leioa
Bilaketak
Ostirala, 2024ko Apirilaren 19a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2020-03-05 Martxoaren 8ko adierazpen instituzionala, Emakumearen Nazioarteko Eguna
leioa / leioa

Leioako Bozeramaileen Batzordeak honako adierazpen instituzionala onartu du gaur aho batez, Martxoak 8, Nazioarteko Emakumearen Egunaren harira:

EMAKUMEEN MOBILIZAZIOAK. Mundua eraldatzen duen emakumeen boterea.

1952an martxoaren 8a Emakumearen Nazioarteko Eguna ezarri zuen Nazio Batuen Batzar Nagusiak (NBE). M8ak emakumeen "grebak" oroitzen ditu, historian zehar euren eskubide laboral, ekonomiko, politiko eta sozialak aldarrikatu dituztenak. Borrokek aldaketak ekarri dituzte legeetan, gizartean eta kulturan, eta gizarteak berdintasun- eta demokrazia-maila handiagotarantz aurreratu dituzte.

Hala ere, emakumeen borroken garaia ez da amaitu. Mundu osoan eta gure tokiko komunitateetan oraindik ere emakumeenganako bereizkeriak eta ezberdintasunak daude, emakume izate hutsagatik. Bereizkeria hori beste batzuekin gurutzatzen da: klase, etnia, adina, kultura, sinesmenak, migrazio-estatusa, sexu-orientazioa, genero-identitatea edo gaitasunak, besteak beste.

Beijing Ekintza Plataformak 25 urte bete dituenean, belaunaldi berriak bat egiten du giza eskubideak defendatu eta genero-berdintasuna lortuko duten ekonomia, gizarte eta sistema politikoak irudikatzeko borrokan, inor bazterrean utzi gabe.

Munduko mugimendu honen ustez generoen arteko berdintasuna ez da soilik oinarrizko giza eskubidea, baizik eta mundu baketsu, oparo eta iraunkorra lortzeko beharrezko oinarria. Garapen Jasangarrirako Helburuetan jasotzen den bezala. Berdintasuna gizarte osoaren mezu bakar gisa aldarrikatzeko garaia da.
Emakumeen borrokek eta kaleetako mobilizazioek instituzioei konpromiso irmoko ariketa egitea eskatzen digute:

• Genero-harremanak eraldatzea gure udalerrien eta gure administrazioen bizitzan;
• Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak errotik kentzea eta egiturazko indarkeria horren biktimak erreparatzea;
• Baldintzak eta aukerak eraikitzea izaera guztietako emakumeek tokiko bizitzako ekonomian, gizartean, politikan eta kulturan parte hartzeko;
• Diskriminazio mota guztien aurka borrokatzea;
• Bizitza erdira ekarriko duten gizarte-antolakuntza erantzunkideak diseinatzea.

Tokiko euskal gobernuok konpromiso horiek gure herri eta hirietan egia bihurtzeko politikak diseinatu eta kudeatu behar ditugu, eta horrexegatik, Leioako Udalak konpromiso irmoa adierazi du berdintasunezko gizarte inklusiboa eraikitzen laguntzeko, pertsona guztien eskubideak eta parte-hartzea bermatuko dituena tokiko bizitzan, honako neurri hauek abian jarririk.

Toki-eremuan berdintasunaren konpromisoan aurrera egiteko neurri posibleak:

• Udalerriko emakumeen baldintzak eta egoerak sistematikoki aztertzea baliabide, ondasun eta zerbitzu guztiak eskuratzeari dagokionez, bai eta tokiko bizitzan parte hartzeari dagokionez ere, desberdintasunak identifikatu eta zuzentzeko.

• Tokiko Bizitzako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Europako Gutunari atxikitzea, eta Gutunean zehaztutako konpromisoak aplikatzea bere lurraldean.

• Tokiko berdintasun-politikak bultzatzeko langile eta baliabide nahikoak dituen egitura egonkorra edukitzeko urratsak egitea, toki-mailan edo beste udalerri batzuekin elkartuta.

• Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Plana garatzea, haren eragina ebaluatzea eta emaitzen berri ematea.

• Tokiko arauak arian-arian artikulatzea berdintasun-politikak garatzeko, eta udal-jarduera osoan genero-ikuspegia txertatzen dela bermatzea.

• Indarkeria matxista artatze eta prebenitze aldera, Genero eta Sexu-erasoen Biktima diren Emakumeentzako Arreta hobetzeko Tokiko Koordinaziorako II. Protokolo Instituzionala garatzen jarraitzea.

• Tokiko jardueretan indarkeria matxistaren biktimei erreparazioa emateko printzipioaren aplikazioan aurrera egitea.

• Udaleko arau, programa eta zerbitzuen genero-eraginaren ebaluazioa arian-arian garatzen jarraitzea, urteko aurrekontuak barne.

• Udalerriko emakumeak ahalduntzeko programak eta ekimenak garatzeko espazioak eta baliabideak eskaintzea.

• Toki-mailan, emakumeen erakundeekin eta erakunde feministekin etengabe komunikatzeko espazioak antolatzea, berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako tokiko politikak diseinatzeko eta ebaluatzeko.
• Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskal Udalen Sarearen barruan – Berdinsarea – elkarlanean jarraitzea.

• Genero-ikuspegia txertatzea Zainduz udal-programan, familia-ingurunean mendekotasuna artatzeari eta mendekotasuna duten pertsonen familiako zaintzaileei laguntzeari buruzkoan, horrela sexuaren araberako rolak eta estereotipoak ezabatzen laguntzeko.

• Eusko Jaurlaritzari eskatzea abian jar dezala ELKARREKIN ZAINTZEN Plana, Euskadin zaintzak demokratizatzeko, ikuspegi eraldatzaile eta erantzunkide batetik, zaintza sozialki antolatzeko beste modu bat, Estatuaren, merkatuaren, familien eta gizarte zibilaren artean.

• Udal kontratazio publikoko berdintasun-klausulak eta klausula sozialak berrikustea eta eguneratzea.

• Udalerrian emakumeek egin duten eta egiten duten ekarpena ikusarazteko lanarekin jarraitzea.

• Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen bigarren aldaketaren lege-proiektua, Gobernu Kontseiluak 2020ko otsailaren 28an onartu zuena, babestea.

Azkenean, Udal honek dei egiten die herritarrei Emakumeen Nazioarteko Egunaren karietara Mugimendu Feministak martxoaren 8rako antolatu dituen mobilizazioetan era aktiboan parte har dezaten.

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa