2010-01-08
Leioak beste 45 udalerriekin bat egin du haurrak euskarazko ereduan matrikulatu daitezen sustatzeko
Bizkaiko 45 udalerri batu dira eta urtarrilaren erditik aurrera informazio-kanpaina bat abiaraziko dute, haurrak D ereduan matrikula daitezela sustatzeko. 7.600 liburuxka banatuko dira kanpainan zehar, 2-3 urteko haurrak dituzten gurasoek matrikulazio-kanpaina hasi aurretik ezagutu ahal dezaten zer den hezkuntzako D eredua eta zein arrazoi dauden euskara hutsean eskaintzen den eredu hori aukeratzeko.
Informazio-kanpainaren leloa “D bitamina. Aberastu bere heziketa!” da, eta Gabonak amaitu eta gero hasiko da, Bizkaiko 45 udalerritan: 2 eta 3 urte arteko haurrak dituzten 7.600 familia izango ditu xede. Kanpaina honetan 23 udalerrik eta 3 mankomunitatek hartuko dute parte: Arrieta, Abanto-Zierbena, Arrigorriaga, Balmaseda, Berango, Berriz, Bilbo, Enkarterri, Erandio, Etxebarri, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Gordexola, Laukiz, Leioa, Maruri-Jatabe, Mungia, Muskiz, Ortuella, Sestao, Txorierri, Urduña, Uribe Kosta, Zaldibar eta Zierbena.
Alkarbidek (Bizkaiko euskara zerbitzu tekniko guztiak batzen dituen foroa) koordinatuko du kanpaina, eta helburua da haurrak lehenengoz matrikulatu behar dituzten gurasoei D ereduaren gaineko informazio gehiago eskaintzea, bai eta euskarazko eredu horrek dituen aukeren gainekoa ere.
“D bitamina. Aberastu bere heziketa!” kanpainako informazio-liburuxkarekin batera, udal arduradun batek izenpetutako gutun bana jasoko dute familiek, euskarazko hezkuntza aukeratzeko arrazoiak azaltzeko. Horrekin batera, haurrentzako oparitxo bat ere jasoko dute etxean: altura-neurgailu bat, haien hazkundea eta bilakaera islatuko duena.