Leioa
Bilaketak
Osteguna, 2024ko Apirilaren 25a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2019-09-30 Berbaldun egitasmoa ezagutzen al duzu?
Berbaldun / Berbaldun

Berbaldun egitasmoaren 6. Ikasturtea da 2019-20koa. Bere helburua Leioako herritarrak euskara erabiltzera animatzea da; euskara kalera atera, jendeari euskaraz berba egiteko aukera eman eta euskaraz berba egiteko ohitura sortzea.

Egitasmoa, alde batetik, euskaldunei zuzendua dago. Izan ere euskaldunak garenok zeregin garrantzitsua daukagu ikasten ari direnei laguntzen, ikastetxean edo euskaltegian ikasi dutena kalean, naturaltasunez erabiltzeko lotsa eta beldurra gaindi dezaten. Horrez gain, Leioa bezalako herri batean, hainbat euskaldunek, bere inguruan euskaldunen dentsitatea txikia delako, ez daukate euskara erabiltzeko aukera handirik eta BERBALDUN egitasmoak aukera hori eskaintzen die.

Bestetik, euskalduntze prozesua amaitu edo amaitutzat eman dutenei zuzendua. Halako ahalegin handiaren ostean lortutako mailari eusteko lagungarria da BERBALDUN, gauza jakina baita erabili ezean hizkuntzak herdoildu egiten direla eta geureganatutako maila apurka-apurka galdu egiten dugula.

Azkenik, euskara ikasten ari direnei zuzendua dago. Ikastetxeko edo euskaltegiko lau hormen artean ikasitakoa kalera ateratzen laguntzeko. Ikasgela barruko egoera kontrolatutik eguneroko bizitzako egora errealetara jauzi egitea ez baita askorentzat batere samurra, beldurra, lotsa eta ziurtasun faltaren ondorioz. BERBALDUN taldeetan apurka-apurka euskaraz jarduteko ohitura hartzen dute konfiantza eta ausardia handituz.

Horretarako baliabide nagusiena berba-taldeak dira. Astean ordu betez-edo euskaraz berba egiteko elkartzea, horixe da parte hartu nahi dutenei eskatzen zaien konpromisoa.

Talde guztietan parte hartzen du BERBALDUN egitasmoaren dinamizatzaileak, hasieran batez ere, parte hartzaileak ez daitezen bakarrik edo umezurtz sentitu eta talde guztietan euskaldun oso bat gutxienez egongo dela ziurtatzeko.

Izena ematea oso erraza da, Mastitxu Euskaltegira hurbildu, berbaldun.leioa@gmail.com helbidera idatzi edota 688.850.129 telefonora deitu.

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa