Leioa
Bilaketak
Osteguna, 2024ko Apirilaren 25a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2018-05-15 Leioaren herrigunea eraldatzeko proposamena kontsulta ezazu
modf / eralda

Leioako Udalak prozesua jarri du abian, ikastetxe batzuei eta herriguneari (Sakoneta) dagokienez Plan Orokorra aldatzeko idazten ari den proposamenean herritarrek parte hartzeko. Hiri erdigunea eraldatuko duen proiektu hau definitzeko herritar guztien iritziak eta proosamenak behar ditu Udalak. Horretarako, proposamenaren dokumentu guztiak LeioaZabalik web gunean daude ikusgai, eta proposamenak bidaltzeko formularioa ere egokitu da bertan. Ekarpenak egiteko azken eguna maiatzaren 25a.

Aldaketaren eragina izango duten ikastetxeei dagokienez, proposamenaren bidez, mugak erregularizatu eta oinarriak ezarri nahi dira, etorkizunean zabaldu ahal izateko, eta, orobat, sarbideak berriz antolatu nahi dira, ibilgailuen eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko.

Sakoneta arloari dagokionez, eraberritzeko jarduera bat egin nahi da, orain San Jose auzoak, Elexaldeko etxe-taldeak, merkatuak, Sakonetako kiroldegiak eta "Mesedetako" ikastetxeko aparkalekuak hartzen dituzten lursailetan eta indarreko Plan Orokorrak ezarritakoa garatu gabe duten beste lursail batzuetan. Eraberritzeko jardueraren bidez, helburu hauek lortu nahi dira:

Erreferentziako espazio fisiko bat sortuko da Leioako herri-bizitza sozialerako, eta, horrenbestez, parke-plaza berria eratuko da Sabino Arana kalearen amaieran. Era horretan, gaur egun Iparragirre bulebarrean, eta "Ikaztegiko" eta "Mesedetako" ikastetxeko aparkalekuetan egiten diren ekitaldi ugariak espazio horretan egin ahal izango dira, gune horiek orain dituzten mugak (edukierakoak eta funtzionalak) eduki gabe.

Sabino Arana kalea oinezkoentzat utzi ondoren espazio horrek ibilgailuen bideekiko izango duen kokapena dela-eta, espazio berria uharte akustiko bat izango da, zarata-maila baxuko espazioa, hurbileko Avanzada errepideko zarata-fokuaren kontrapuntua.

Gainera, udal-ekipamendu multifuntzionala jarriko da espazio horretan, udaleko bizitza soziala dinamizatzeko, eta gizarte-, kultura-, ekonomia- eta kirol-arloko jarduerak egin ahal izateko, esate baterako: bilgunea / udaleko elkarteen elkargunea, udal-merkatua, erabilera askotarako aretoa...

Leioako hirigunean eraikitako parkerik zaharrenaren zati handi bat eraberrituko da (irisgarritasun-, bizigarritasun- eta segurtasun-arloko arazoak ditu), ez baitago egoki txertatuta hiriko erdigunean.

Hiri-bilbeari azkena emango zaio, Mesedetako ikastetxea + anbulatorioa + institutua + kiroldegia ardatzaren iparraldean dauden bizitegi-erabilerako eraikinen eta Independentzia kalearen inguruan dauden eraikinen artean.

Altzaga Ikastolako instalazioak hobetuko dira. Izan ere, Ondiz auzoko mugan dagoen herri-ikastetxeak orain dituen jolas-patioak oso txikiak dira, eta, ondorioz, ikasleek ikastetxeko esparrutik kanpo dagoen kirol askotarako kantxa bat erabili ohi dute.

Leioako erdigunean, aparkaleku publikoen (herri-bideen) eta pribatuen (egingo diren eraikuntza-lursailen) zuzkidura hobetuko da.

Herritarrek parte hartzeko prozesuaren lehen aldi honetan, Udalak dei egingo die tartean sartuta dauden agente guztiei (ikastetxeei, zuzeneko eragina jasoko duten auzotarrei eta, oro har, herritarrei), eta, horrela, bere asmoak jakinarazteaz gain, agenteek horri buruz dituzten iradokizunak eta ekarpenak jasoko ditu.

2018ko apirilaren 24an, proposamenaren zirriborroa aurkeztu zen Plangintzako Aholku Batzordean (Leioako Udaleko alderdi politikoek eta hainbat elkartek –auzo, saltzaile, kirol, kultura, emakume... elkarteak– eratzen dute), bai eta Hirigintzako Informazio Batzordean ere.

Animatu, eta parte hartu!

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa