Leioa
Bilaketak
Osteguna, 2024ko Apirilaren 25a
Hemen zaude: Hasiera » Ezagutu Leioa » Historia

3/3Historia

Eguneroko bizimodua

Oraindik orain arte aisialdia ondasun urria zen; izan ere, bizirik irauteko egin behar ziren lanetan egunero ordu asko eman behar baitziren. Horregatik aisialdia gogoz gozatzen zen eta leioarren dibertsio nagusiak kirolak eta festak ziren.

Igalaterratik etorritako futbola laster bihurtu zen kiroletan "errege" Leioan. XIX. mendearen amaieran Lamiakoko zelaietan Athletic Club eta Bilbao Football Club sortu ziren, eta haiek batuta eratu zen gaur egungo Bilboko Athletic-a. Zelai haietara zetozen ikusleek treneko bagoietatik martxan salto egin behar izaten zuten, inguruan geltokirik ez zegoelako, eta han jokatu zituen Athelic-ak bere partidak hamarkada batez, artean arropa txuri-urdinak jantzita.

Maiatza eta iraila bitartean hain gogokoak zituzten auzoetako festak izaten ziren: San Isidro eguna Ondizen, San Maximo eguna Lamiakon, Gorpuzti-eguna eta San Joan eguna Elexalden, Santi Mami, San Bartolome, Andramari eta Andramaritxu eguna Ondizen, San Zestero eguna Lamiakon eta San Migel eguna Txoperan. Erlijio, kirol, musika eta trebetasuneko ikuskizunak izaten ziren auzotarrek parte hartu eta diberti zitezen.

60ko hamarkadako aldaketa handirantz

Gerra Zibila laburra izan zen Leioan, baina haren eraginak luzaro iraun zuten. Lamiakoko aerodromoa izan zen altxamendukoei eta lagun aleman eta italiarrei aurka egiteko zeuzkaten hegazkinen (gutxi batzuk besterik ez zituzten) basea. Horregatik pistak eta munizioak egiten zituen ondoko Earle fabrika izan ziren altxamendukoen hegazkinen helburu preziatuenak. Ondorioz Leioako biztanleak izututa ibili ziren eta berebizikoak jasan behar izan zituzten.

Gerrako operazioak 1937ko ekainean amaitu zirenean, herritarren lan nagusia bizitzen jarraitzeko baliabide materialak biltzea izan zen. Lehengo giro onera etortzeko prozesua hasieran oso motela izan zen, baina hirurogeiko hamarkadan asko bizkortu zen Leioan enpresa berri garrantzitsuak finkatu zirelako, gero eta handiagoa zen biztanleriaren erosteko ahalmena eta bizi-maila igotzen lagundu baitzuten.

Ezinbesteko hirigintza-garapena izan zen eta Francoren erregimenaren aurkako lehen arrastoak azaldu ziren. Orduan aro berrirako atea zabaldu zen. Leioa bide hartatik erabat aldaturik abiatu zen.

Ondare historiko-artistikoa

Herri eta hiri handietan eraikin nabarmenenak gune historikoan egon ohi dira: Leioak, ordea, jatorriz biztanleak sakabanatutako baserrietakoak izan direlako, ez du erdigunerik. Hala ere, eraikin azpimarragarriak baditu.

Arkitektura erlijiosoaren alorrean aipagarriak dira San Joan Bataiatzailearen eta San Maximoren elizak eta Ondizko eta San Bartolomeko ermitak. Arkitektura zibilean hauek azpimarratu behar dira: Altzaga eta Ondizko dorretxeen aurri zaharrak, Mendibil, Zabala edo Atxutene eta Artatzako jauregiak, zenbait garai eta estilotakoak.

Baina bereizgarriena baserriak dira, hau da, familia, ekonomia eta jabegoa era berezian antolatzearekin lotuta dauden eraikinak. Ustiapenaren gune den etxea neurritsua, itxia eta trinkoa da, gehienetan hormetan apaingarririk eta armarririk gabea. Ekialdeko edo Hegoaldeko fatxadan duen portale ireki handia nabarmentzen zaio. Han egiten dira etxeko lanak, eta abegitsua izatearen ikur ere bada. Gaur egungo bizimodura moldatu beharrak lehengo baserriari aldaketak eta deformazioak eragin dizkio, baina oraindik ere udalerrian garai bateko forma duten baserri batzuk ikus daitezke. Elexaldeko errota ere berritu da eta industrializazioa baino lehenagoko aroaren lekuko jarraitzen du.

Aurrekoa
Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa